PETROLIOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Saudi Arabiak Ekialde-Mendebaldeko oliobidea itxi du, hainbat eraso jasan ostean

Azpiegitura hori da merkatu globalak hornitzeko bide nagusia Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran; egunean zazpi milioi upel petrolio gordin garraia ditzake.

Saudi Arabiako energia azpiegiturak. Argazkia: Agentziak Saudi Arabiako energia azpiegiturak. Argazkia: Agentziak

Saudi Arabiako Energia Ministerioak Riad eta Medina eskualdeetan dagoen Ekialde-Mendebaldeko oliobidea ixtea erabaki du, behin-behinean, ostiral honetan, Iraketik bidalitako hainbat droneren erasoak jaso ostean. Erasoek hainbat zauritu eta kalte material eragin dituzte.

Ministerioaren arabera, oliobidea petrolioa merkatu globaletara esportatzeko bide nagusia da Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran, eta "eraso ugari" jasan zituen ostegun goizean. Hori dela eta, itxi egin dute, badaezpadako neurri gisa.

Bestalde, Atzerri Ministerioak erasoak gaitzetsi ditu, eta argitu du, Ali al Zaidi Irakeko lehen ministroak eskaera egin ondoren, Saudi Arabiak momentuz ez erantzutea erabaki duela, bere lurraldetik bertatik erresumaren eta inguruko herrialdeen aurka egindako erasoak eragozteko “beharrezko neurriak hartzeko aukera emateko Irakeko Gobernuari”.

Hala ere, Riadek berretsi du "bere subiranotasuna, segurtasuna, instalazioak, herritarrak eta egoiliarrak babesteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskubidea" duela.

Bestalde, Irakeko Gobernuak erasoak gaitzetsi ditu eta "erresumaren jarrera eta Irakek egoerari eusteko egindako ahaleginei emandako erantzun positiboa" baloratu ditu.

Iranen aldeko miliziek Irakeko lurraldetik Riadeko eta Ekialdeko Eskualdeko petrolio instalazioen aurka egindako erasoak salatu ditu Saudi Arabiak lehenago ere, eta uztailaren amaieran Ameriketako Estatu Batuekin batera eraso bat egin zuen horri erantzuteko.

Zeintzuk dira oliobidearen ezaugarriak?

Saudi Arabiako Ekialde-Mendebaldea oliobidea, Petroline izenaz ere ezagutzen dena, azpiegitura estrategikoa da, herrialdea zeharkatzen duena ekialdeko petrolio-eremuetatik, Persiar golkoan, Yanbu porturaino, Itsaso Gorrian.

1.200 kilometro inguru luze da, eta egunean zazpi milioi upel garraia ditzake.

Garrantzi handia du gaur egun, Ormuzko itsasartea saihestuz petrolio gordina esportatzea ahalbidetzen duelako. Ondorioz, Saudi Arabiak horren erabilera handitu zuen esportazioak Yanburantz desbideratzeko eta blokeoaren eragina eta itsasbideko murrizketak arintzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X