Frantzia sutan, ikasleen eta 'txaleko horien' protestak tarteko
Polizia gogor oldartu zaie manifestariei, eta 270 pertsona baino gehiago atxilotu ditu. Bizitzaren garestitzea salatzeko eta hezkuntza alorrean hobekuntzak galdegiteko deitu dituzte protestak. Parisen, Marseillan eta Lyonen istilu larriak egon dira.
Manifestazio jendetsuak, barrikadak, blokeoak eta poliziaren kargak. Frantziako estatu osoa bor-bor dago gaur, ikasleek, 'txaleko horiek', sindikatuek eta beste hainbat eragilek deitutako protestak direla eta. Inflazioa, erregaien garestitzea eta erosahalmenaren galera salatzeko asmoz, 50 manifestazio baino gehiago egon dira Frantzia osoan. Liskarrak ere izan dira Parisen, Marseillan (hegoaldea), Lyonen (hego-ekialdea) eta Lillen (ipar-mendebaldea), baita Baionan ere (A63 autobidea itxi dute Lapurdiko hiriburuan). Polizia gogor oldartu zaie manifestariei, eta negarra eragiteko gasak, ur-kanoiak eta pilotak jaurti dituzte. Gutxienez, 272 lagun atxilotu dituzte.
Milaka eta milaka lagun batu dira mobilizazioetara; 500.000, CGT sindikatuaren arabera. Macronen murrizketen kontra atera dira kalera denak, presidenterako hauteskundeetarako sei hilabete eskas falta direnean. Barne Ministerioak polizia dispositibo zabala ezarri du, eta 10.000 polizia eta jendarme daude lanean; 5.000, Parisen.
Manifestazio asko baketsuak izan dira, baina hiriburuan, Marseillan, Lyonen eta Lillen istilu larriak izan dira. 15:00ak arte, 272 pertsona atxilotu ditu Poliziak.
Parisen, gune asko itxi ditu Poliziak, eta negarra eragiteko gasa jaurti die Errepublika plazan bildutakoei. Burua estalita zeramaten hainbat manifestarik inguruko autoei su eman diete.
Lyonen, tentsio handiko uneak izan dira Bellecour plazan. Hainbat manifestarik turismo bulegoa arpilatu dute, eta, ondoren, su eman diote. Marseillan, hainbat lagun indarrez sartu dira udaletxean, eta kalteak eta pintadak egin dituzte atarian. Bertan zegoen Marianneren busto bat bota dute manifestariek.
Beste hiri batzuetan ere liskarrak izan dira, hala nola Rennesen (ipar-mendebaldea), Tolosan (hego-mendebaldea), Angersen (mendebaldea) eta Ruanen (ipar-mendebaldea). Azken horretan, sutea izan da unibertsitatearen eraikin batean, eta gertatutakoa ekintza kriminal gisa ari dira ikertzen. Saint Etiennen (hego-ekialdea) gazte batek besoa galdu du Poliziak jaurtitako granada bat zartarazi zaionean.
Protestak Ipar Euskal Herrian
Mobilizazioak iraila hasieran TikTok sare sozialaren bidez zabaldutako bideo biral bat du iturburu, eta ikasleen protesten ondotik heldu da. Deitzaileek 2018ko eta 2019ko 'txaleko horien' mugimenduaren bultzada berreskuratu nahi zuten, eta horietako batzuek bat egin dute deialdiarekin.
Anitza izan da oso manifestarien profila: ikasleak, langileak, erretiratuak, nekazariak, ekintzaile klimatikoak eta militante antifaxistak bildu baitira.