Louvre: gotorleku Erdi Aroan, zaurgarritasun-ikur iaz geroztik
Bitxiak desagertuta jarraitzen dutelarik, museoaren segurtasun gabeziak azaleratu egin dira
Louvreko Apoloren Galerian iaz izandako bitxien lapurreta entzutetsutik urtebetera, 7 minutuan atzemandako 88 milioi euroko altxorrak desagerturik jarraitzen du.
Erasoaren lehen urteurrenean, munduko arte-museorik handiena kolpetik osatu gabe dago oraindik. Izan ere, erasoak agerian utzi zituen 1793an irekitako eraikinak lehendik zituen gabeziak: intrusio-arriskua, koordinazio-akatsak eta gabezia kritikoak segurtasun-sistemetan, horietako batzuk oinarrizkoak. Esaterako, ez zegoen pantaila nahikorik, bideoz zaindutako espazio guztiak aldi berean ikusi ahal izateko.
Museoak bizkortu egin zituen egiteke zeuzkan berrikuntzak, 86 milioi euroko inbertsioarekin. Oraingoz, guzti horietatik 6 milioi baino ez dira gauzatu. Egindako hobekuntza nagusiak izan dira polizia-postu mugikor bat, kamera osagarriak, burdin-sareak eta erasoaldien aurkako gailuak jartzea. Baina egin beharreko hobekuntzak askoz haratago doaz: guztira, 1.000 milioi eurotik gorako berritze-plana dauka, gutxienez 2031ra arte luzatuko dena.
Azken hilabeteetan, Louvrek beste hainbat gertaeren ondorioak pairatu ditu; besteak beste, eraikinaren habeen hauskortasunagatik galeria bat itxi izana, langileen grebak, uholdeak eta sarreren eta bisita-gidatuen salmentarekin iruzur masiboak aurkitu izana.
Bitxiak ez dira agertu
2025eko urriaren 19an, museoa ireki eta minutu gutxira, egun argiz, lau pertsonak bi moto eta karga-jasogailu bat aparkatu zituzten kanpoaldean, Parisko erdigunean. Zerra erradialaz hornituta, Apoloko Galeriako leihora igo ziren, eta erakusleihoak lehertu zituzten. Guztira, 88 milioi euroko balioa zuten altxor ugari eraman zituzten.
Erasoa gertatu eta hilabetera, lau pertsona atxilotu zituzten ustezko egile material gisa. Horietako bi zalantzarik gabe egileak dira, DNA frogek hala baieztatzen baitute eta, gainera, beraiek aitortzen egin baitute. Hala ere, bi hauek diote beste bi atxilotuak errugabeak direla, benetako egileak desagertuta daudela eta bitxiak azken horiek dauzkatela.
Hala eta guztiz ere, museoko zuzendariak (bere aurrekoak dimisioa eman ondoren hartu zuen kargua), baikor agertu da lapurtutako bitxiak aurkitzeko aukeraren aurrean. Nolanahi ere, Louvreko lapurretak agerian utzi ditu eraikinak dituen gabezia handiak: zenbait gune itxi behar izan dira eraisteko arriskuagatik, uholdeek ondarearen zati bat kaltetu dute, langileek grebara jo izan dute, eta presidente berriak aitortu du k Louvre "muga-mugan"dagoela. Lapurretaren aurretik ere, aurreko zuzendaria ere ildo berean mintzatu zen.
Louvre, XIII. mendean gotorleku defentsibo izateko jaiotakoa eta 1793an museo bihurtu zena, zaurgarritasun-ikur bihurtu da mendeko lapurreta handiaren ondoren.