Frantziako Kontu Auzitegiak ebatzi du Louvrek nahiago izan duela artelanak erosi segurtasunean inbertitu baino
Louvre museoak erantzun du Kontu Auzitegiak ez dituela ezagutzen segurtasun arloan egindako ahaleginak. "Munduko museorik handiena eta bisitatuena denaren gaineko analisiak orekatua izateko epe luzekoa izan behar du", gaineratu du.
Frantziako Kontu Auzitegiaren arabera, Louvre museoak nahiago izan du bere funtsak artelan berriak erostera eta instalazioak berritzera bideratu, segurtasunean inbertitu baino.
Hala adierazi du Pierre Moscovici Frantziako Kontuen Auzitegiko presidenteak, gaur goizean, Parisen egin duen prentsaurrekoan. Louvreko lapurreta gertatu eta ia hiru astera, ez dute lapurtutako bitxiak berreskuratzea lortu eta gertakariekin lotuta lau pertsona auzipetu dituzte.
"Louvre ez da austeritatearen biktima, baliabide ugari ditu", adierazi du Moscovicik. Dena den, "oparotasun ekonomiko" horren atzean paradoxa bat dagoela uste du, "epe ertainera ibilbide finantzario labana" duelako.
"Oreka behar da, artelan berriak erosi eta aldi berean segurtasun dispositiboa indartu", nabarmendu du Moscovicik.
Louvre museoak Kontu Auzitegiaren txostenari erantzun dio esanez ez dituela ezagutzen segurtasun arloan zer ahalegin egin dituen. "Munduko museorik handiena eta bisitatuena denaren gaineko analisiak orekatua izateko epe luzekoa izan behar du", gaineratu du.
Museoak bederatzi milioi bisitari izan zituen 2024an, horietatik % 80, atzerritarrak, eta, horrek, "instalazioen zahartzearekin" batera, Louvre presiopean jarri du, Auzitegiaren arabera.
Auzitegiak Louvre museoaren estatutuetan jasota dagoen araua ezabatzea gomendatu du. Horren arabera, museoak sarreren bitartez bildutako diruaren % 20 artelan berriak erostera bideratu behar du.
Txostenaren arabera, Louvrek 2.754 artelan erosi zituen 2018tik 2024ra, 145 milioi euroko inbertsioa eginda.