Alderdi Laboristako 70 diputatuk baino gehiagok Starmerren dimisioa eskatu dute, baina, oraingoz, lehen ministroak eutsi egiten dio karguari
Erresuma Batuko udal hauteskundeetan emaitza txarrak lortu ondoren, lehen ministro laboristaren aurkako presioa areagotzen ari da. Hala ere, entzungor egin die dimisio eskariei, herrialdean "kaosa" areagotu egingo litzatekeela argudiatuta.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: Europa Press
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren aurkako presioa areagotzen ari da, pasa den osteguneko udal hauteskundeetan Alderdi Laboristak emaitza txarren ondorioz. Dena den, oraingoz, Starmerrek baztertu egin du dimititzeko aukera, horrek herrialdeko "kaosa" areagotzea ekarriko lukeela argudiatuta.
Starmerrek adierazpenak egin ditu astelehen honetan, eta onartu du herrialdean frustrazioa dagoela. Hala ere, egoerari buelta emateko prest dagoela esan du, bai alderdi barruan eta baita Gobernuan ere.
"Status quo delakoa ez da funtzionatzen ari eta frustrazioa zabaldu da herrialdean. Eta bai, aitortzen dut: nirekiko frustrazioa ere badago", esan du Starmerrek hauteskunde emaitzak aztertzeko bart egin duen prentsaurrekoan.
Alderdi barruan eta kanpoan aurkakoak dituela onartu du Starmerrek, baina oker daudela erakutsiko diela agindu du.
Oraingoz, Starmerrek eutsi egiten dio karguari. Erresuma Batuak Alderdi Kontserbadoreko lau lehen ministro izan zituen 2019tik 2024ra, eta etengabeko aldaketa horiek herritarren egoera kaskartu baino ez zutela egin argudiatu du buruzagi laboristak.