IRAGARPENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Giro eguzkitsua eta egonkorra aste osorako

Gauean eta goizean goiz fresko egongo da, baina tenperaturek gora egingo dute eguzkiaren eta hego-haizearen laguntzarekin.

Durango.

Eguzkiak egonaldia egingo du gurean, ez baita egun bakarrerako etorri. Azken asteotan euria gogotik egin ostean, eguzkiak egonaldia egingo du gure artean, datorren astean nagusi izango da eta tenperatura epelduko du.

Gaur, giro egonkorrarekin jarraituko dugu. Zeruan goi-hodeiak agertuko dira, zerua zurixka utziko dute, baina, halere, giro argia izango da. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean, eta ipar-mendebaldekoa, arratsaldean. Goizean goiz, hotz egingo du, eta lainogune batzuk izango dira; eguerdi inguruan, berriz, giro epela nagusituko da, 16-18 ºC-ko maximoekin. Arratsalde-gauean, behe-hodeiak sar daitezke kostaldean, bereziki Bizkaian.

Astelehenean, eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Eguzkia izango da jaun eta jabe, goi-hodei batzuk agertu arren. Egunaren hasieran, lainoa eta lanbroa agertuko dira, eta ipar-mendebaldean, behe-hodei batzuk ere bai. Hegoaldeko haize ahula ibiliko da, eta brisa ibiliko da arratsaldean kostaldean. Egunez, giro epela izango da, eta litekeena da beroenak aurreko egunean baino apur bat gehiago igotzea.

Asteartean, giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu, eta hego-haizea apur bat gehiago nabarituko da. Haizea hegoaldetik finkatuko da, eta aurreko egunetan baino biziago ibiliko da. Ondorioz, maximoek gora egingo dute isurialde atlantikoan, bereziki kostaldean, eta tenperaturak antzera jarraituko du gainerakoan, baina baliteke hegoaldean behera egitea. Zeruan hodei gutxi agertuko dira, eta behe-lainoa eta lanbroa izango dira goizean goiz.

Asteazkenean eta ostegunean ere, eguzkia izango da nagusi, baina baliteke asteburuan joera aldatzea eta lainoak ugaritzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X