Haizeagatik ezarritako abisu horia bihar arratsaldera arte egongo da indarrean
'Pedro' ekaitzak lehen arrastoak utzi ditu Euskal Herrian, eta haizeguneetan bolada oso gogorrak izan dira. Abisu horiak aktibatu dira haizeagatik eta itsasaldeko arriskuagatik.
Olatu handiak, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Euri-jasek hainbat bazter astindu ondoren, haizeagatik eta olatuengatik ezarritako abisu horiak ostegun eta ostiralera arte izango ditu indarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EAEn, 'Pedro' ekaitzaren ondorioz.
Asteazken honetan erregistratutako azken datuak dira horren isla. Urduñan 120 km/h-ko ufadak izan dira, eta Garbean 104 km/h-koak. Kostaldean eta inguruko eremuetan, Galea lurmuturrean 107 km/h erregistratu dira, eta Cerrojan 108 km/h-koak. Arratsaldean, berriz, haizeak mendebaldetik jo du, eta zaparradak iritsi dira, berriro.
Bihar, osteguna, mendebaldeko haizeak gogotik joko du, batez ere kostaldean. Tenperatura maximoek behera egingo dute nabarmen, bereziki, ipar partean. Zerua lainotuta egongo da eta euria egingo du, eta, gainera, litekeena da trumoi-ekaitzak ere jotzea. Arratsaldeko 15:00ak arte mantenduko dute indarrean abisu horia.
Halaber, bihar harro ibiliko da itsasoa, 5 metrorainoko olatuekin. Nabigaziorako abisu horia ezarrituko dute, ostiral goizera arte.
Aurreikuspena
Euskalmeten arabera, bihar eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Mendebaldeko haizea gogor ibiliko da, batez ere, kostaldean, eta egunaren bigarren partean, ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu; egunaren hasieran, han-hemenka ekaitzak jo dezake, txingorrarekin batera. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, eta elur-kota 1000 metrotik behera koka daiteke.
Ostiral goizean, berriz, hodeiak gailenduko dira zeruan, bereziki ekialdean, eta Kantauri isurialdean euri txikia egingo du noizbehinka, batez ere, ipar-ekialdean. Arratsaldean atertzera egingo du eta ostarteak zabalduz joango dira.