Larrialdi aurreko egoera ezarri dute Arga eta Elortz ibaietan, Iruñean, horien emaria dela eta
Nafarroa abisu horian dago gaur, larunbata, haizeteengatik, euriteengatik, elurteengatik eta luiziengatik. Ebroren ezkerraldeko ibaien emaria nabarmen haztea espero dute.
Arga ibaia. Artxiboko argazkia: EITB Media
Arga eta Elortz ibaiak larrialdi aurreko mailan daude Iruñean, euriteen eraginez emariak asko hazi baitira, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Argak, esate baterako, 2,03 metroko altuera hartu du goizean Iruñean.
Sadar ibaiak gainezka egin du Zaragoza etorbidean, parkean, eta igeriketa kluberako bidea ere itxi dute, baita korridoreetako parkingerako sarbidea ere. Gainera, Burlatako Udaltzaingoak herri horretarako sarbidea itxi du.
NA-30 errepidea bi noranzkoetan itxi dute Iruñean, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Udaltzaingoak sare sozialen bidez gomendatu du ibaiertzera ez hurbiltzea eta urpean dauden tokietara ez joatea, ezta pasabide edo zubietara ere, moztuta badaude.
Nafarroan, abisu horia ezarri dute gaur, larunbata, haizeteengatik, euriteengatik, elurteengatik eta luiziengatik. Ebroren ezkerraldeko ibaietan emaria nabarmen haztea espero dute, Nelatik Gallegoraino.
Nela, Jerea, Omecillo, Bayas, Ega, Arga eta Irati ibaien emariak haziko dira gehien, eta gutxiago handituko dira Zadorra, Irati, Aragoi, Gallego, Najerilla eta Jalon ibaienak.