Astearte goizera arte egongo da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan euriagatik ezarritako abisu horia
Etengabe egingo du euria, asko gainera, eta batez ere Kantauri isurialdean.
Euria. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearteko 09:00ak arte luzatu du euriagatik ezarritako abisu horia. Izan ere, 24 orduan metro koadroko 60 litro ur pilatzea espero da, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Ohar batean, gogorarazi du hasiera batean 24:00ak arte egon behar zirela aipatu bi lurraldeak abisupean, baina iragarpenak ikusita, astearteko 09:00ak arte luzatu dutela abisua.
Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du Nafarroako isurialde atlantikoan (Nafarroa iparraldean, alegia), 12 orduan metro koadroko 40-60 litro pilatuko direlako.
Ipar Euskal Herrian, Météo Francek abisu horia ezarri du euriagatik eta haizeagatik, eta alerta laranja ezarri du mendi inguruetan, elur-jausiak izateko arriskuagatik.
Aurreikuspenen arabera, euria etengabe egingo du, batez ere kostaldean eta mendialdeetan, eta ez da baztertzen ur-pilaketek gorabeherak eragitea.