Euri-jasengatik abisu horia ezarriko dute berriro gauerditik aurrera Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian
Euskalmeten iragarpenaren arabera, metro koadroko 60 litrotik gora pilatuko dira 24 orduan. Nafarroan, metro koadroko 40 litro metatuko dira 12 orduan.
Euria etengabe egingo du astelehenean. Artxiboko argazkia: EFE
Gutxi iraungo du aterruneak. Bihar, astelehenarekin, euri kontuak izango ditugu nagusi berriro ere, eta, hori dela eta, agintariek abisu horia ezarri dute ia Euskal Herri osoan muturreko eguraldia izatea espero baitute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du bihar prezipitazio iraunkorrengatik Gipuzkoan eta Bizkaian. Euskalmeten iragarpenaren arabera, fronte hotz bat sartuko da eta zaparrada mardulak utziko ditu bi lurraldeetan. Aurreikuspena da 24 orduan metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatzea. Hori horrela, egun guztian egongo da indarrean abisua.
Aemet Espainiako meteorologia agentziak ere abisupean jarriko du Nafarroako isurialde atlantikoa (Foru Erkidegoaren iparraldea), metro koadroko 40 litro meta baitaitezke bertan 12 orduan. Abisu horia 06:00etan aktibatuko dute, eta egun osoan egongo da indarrean.
Bestalde, Meteo-Francek alerta laranja ezarri du biharko Ipar Euskal Herrian elur-jausiak izateko arriskuagatik. Gainera, hiru abisu hori izango dira indarrean euriagatik, haizeagatik eta elurragatik.