Eguraldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Udaberri giroko egunak aurretik, asteburura begirako aldaketaren atariko

Giro eguzkitsua eta tenperatura epel-beroak nagusituko dira Euskal Herri osoan ostiralera bitartean.
eguraldia-udaberria-laudio-araba

Egunsentia, Laudion. Argazkia: Andoni Aza.

Gaur udaberriko giro eguzkitsua izango da Euskal Herrian, asteartean baino garbiago egongo da zerua, nahiz eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko diren, goizean, batez ere. Haizeak hegoaldetik jotzen jarraituko du baina aurreko egunetan baino ahulago, eta arratsaldean iparraldera aldatuko da. Horregatik Kantauri isurialdean tenperatura jaitsi egingo da, eta Mediterraneo isurialdean, pixka bat igo. Oro har, minimoak freskoago izango dira barnealdean (11 ºC) eta epelago kostaldean (13-14 ºC) eta maximoak 23-26 ºC ingurura iritsiko dira, beroenak hegoaldean. 

Ostegunean ere udaberriko giro eguzkitsua nagusituko da. Zerua hodei gutxirekin egongo da orokorrean, noizbehinka erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko diren arren. Goizean goiz, behe-lainoa sortuko da eta kostaldean behe-hodeiak ere ager daitezke. Tenperaturei dagokienez, iparreko haize ahularen ondorioz, minimoak zertxobait baxuagoak izan daitezke, eta kostaldean maximoak ere 2-3 ºC freskoagoak izango dira; barnealdean berdintsu jarraituko dute. Iparraldeko haizea ibiliko da.

Ostiralean udako eguraldia izango da. Ipar isurialdeko zenbait lekutan behe-hodeiak zabalduko dira, batez ere kostaldean eta goizean goiz. Gainerako orduetan eguzkitsu egongo da, zerua ia garbi. Goizean hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta tenperatua maximoek gorantz egingo dute berriro, barnealdean 25 ºC-tik gorako balioak izango dira leku askotan. Arratsaldean ipar-ekialdera egingo du haizeak eta astebururako aldaketa aurreikusten da, tenperatua jaitsi egingo da eta euria izango dugu. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X