Google Street Viewek denboran bidaiatzera gonbidatzen zaitu
Google Maps zerbitzuaren funtzionaltasun berri bat estreinatu du ostegun honetan Googlek. Horri esker, enpresak 2007tik mundu osoan zehar atera dituen argazki guztiak ikusteko aukera izango du erabiltzaileak.
Konpainiak berak blog ofizialean iragarri du Street View zerbitzuko funtzionaltasun berria, eta ostegun honetatik aurrera, apirilaren 24tik aurrera, erabili ahal izango da. Etorkizunean, sakelako telefonoetan ere erabili ahal izango da.
Googlek berak "denboraren kapsula" izenaz definitu duen aukera berri horrekin, erabiltzaileak leku bera une desberdinetan ikusteko aukera izango du. Google Maps zerbitzuak 9,66 milioi kilometro baino gehiago jaso ditu azken zazpi urteotan argazkitan.
Iraganeko argazkiak ikusteko, ordenagailuaren pantailako ezkerrean, goialdean, dagoen ordularian klik egin behar du erabiltzaileak.
