EUSKAL INGURUNE DIGITALA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

BAAI.EUS aurkeztu dute, euskarazko webguneak programazio ezagutzarik gabe sortzeko aplikazio berritzailea

Latxa euskal adimen artifizialean oinarritutako lehen aplikazio praktikoa da, eta bereziki erabilgarria izango da merkatari, profesional zein enpresa txikiek euren webguneak modu errazean euskaraz egiteko.

Josu Waliño, BAAI.eus-en aurkezpenean. Argazkia: .EUS

PuntuEUSek BAAI.EUS aurkeztu du gaur, euskarazko adimen artifizialaren garapenean mugarri berri bat ezarriko duen tresna digital berritzailea. Programazio ezagutzarik izan gabe, modu errazean, webguneak euskaraz sortzeko aukera emango die negozio txiki, profesional eta enpresei.

Horren aurkezpenean, mugarritzat jo dute egitasmoa; izan ere, HiTZ zentroak garatutako Latxa euskal adimen artifiziala aplikazio praktiko batean txertatzen den lehen aldia da. 

Azken urte hauetan, erabiltzaile askok, domeinua eskuratzeaz gain, webgunea sortzeko laguntza ere esku diote PUNTUEUSi, eta behar horri erantzutera dator BAAI.EUS. “Tresna honekin, enpresa txikiei, autonomoei eta bestelako eragileei beren proiektuak .EUS domeinuarekin sareratzeko aukera eman nahi diegu, orain arteko oztopo teknologikoak gainditzen lagunduz”, esan du Josu Waliño PuntuEUSeko zuzendariak; beraz, “euskararen presentzia digitalean beste urrats bat egin dugu”, gehitu du.

BAAI.EUS-en berrikuntza nagusia da erabiltzaileak ez duela webgunea hutsetik sortu behar. Lehendik sortuta duten informazioa baliatuta egin dezake lehen bertsioa Latxa adimen artifizialari esker. Hala ere, beste bi aukera ere eskaintzen ditu, erabiltzaile bakoitzak bere beharren arabera egin dezan webgunea: aurrez prestatutako txantiloi batetik abiatzea edo webgunea hutsetik eraikitzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X