Albiste dira

MUNDU MAILAKO ETENALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Microsoften zerbitzuak pixkanaka berreskuratzen ari dira, Teams, Outlook eta Copilot 20 ordutik gora erorita egon ostean

Microsoft 365, SharePoint eta Defender XDR plataformei ere eragin die arazoak, baita ChatGPT eta Claude Microsoften zerbitzuekin integratzeko aukerei ere. Konpainiak azpiegituraren gainkargari egotzi dio gertatutakoa, eta zibererasoa izan denik baztertu du.

(Foto de ARCHIVO)

FILED - 30 January 2026, Bavaria, Munich: FILE PHOTO - The Microsoft logo can be seen on the Microsoft Germany headquarters building in Munich. Photo: Sven Hoppe/dpa



30/1/2026 ONLY FOR USE IN SPAIN
Microsoft. Artxiboko argazkia: Europa Press

Microsoft bere zerbitzuak pixkanaka berreskuratzen ari da, munduko hainbat eskualdetan 20 ordutik gora iraun duen etenaldiaren ostean. Matxurak Teams, Outlook eta Copilot adimen artifizialeko (AA) tresnaren funtzionamenduari eragin die.

Konpainiak Microsoft 365 Status kontuaren bidez jakinarazi duenez, zerbitzuak normaltasunera itzultzen ari dira kaltetutako eskualdeetan. Ipar Amerikan hobekuntza nabarmenak izan direla azaldu du; Europako zati handi batean, berriz, susperraldiak aurrera jarraitzen du. Asia-Pazifikoan ere hobekuntza zantzuak antzeman dituzte.

Hala ere, Microsoft lanean ari da berreskuratutako azpiegitura egonkortzeko eta oraindik konpondu gabe dauden arazoak konpontzeko. Konpainiak ohartarazi duenez, erabiltzaile batzuek oraindik izan ditzakete zerbitzuetara sartzeko arazo puntualak edo posta elektronikoa jasotzeko atzerapenak.

Microsoften hainbat zerbitzutara zabaldu da arazoa

Arazoak ostegun arratsaldean antzeman zituzten lehenengoz, Microsoft Teams erabiltzeko eta zerbitzura sartzeko orduan. Ondoren, Exchange Online zerbitzuko postontzietara zabaldu zen matxura, eta Microsoft 365eko hainbat zerbitzuri eragin zien.

Besteak beste, Copilot, SharePoint eta Defender XDR ere kaltetu dira. Hala, etenaldiak munduko hainbat eskualdetako erabiltzaileei eta erakundeei eragin die.

ChatGPT eta Claude ere kaltetu ditu Microsoften integrazioak

Microsoften zerbitzuen erorketak eragina izan du adimen artifizialeko bi txatbot nagusitan ere: ChatGPTn eta Clauden. Bi kasuetan, Microsoften zerbitzuekin integratzeko aukera ematen duten konektoreei eragin die arazoak, baina ez tresna horien erabilera independentean.

Microsoften arabera, ez da zibererasoa izan

Matxuraren jatorriari dagokionez, Microsoften arabera, azpiegituraren gainkarga izan da arazoaren eragilea. BBCk jaso duenez, konpainiak zerbitzarien karga handiari egotzi dio gertatutakoa. Bloomberg-ek, berriz, azaldu du kaltetutako zerbitzarietako prozesu zentral bat saturatu egin zela, erantzuteari utzi ziola eta, ondorioz, sistemaren gaitasuna murriztu zela.

Bestalde, Charles Lamanna Microsofteko arduradunak ziurtatu du gertatutakoa ez dagoela zibersegurtasunarekin lotuta, eta ez dutela jarduera maltzurraren arrastorik aurkitu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X