TikToken jarduera etetea proposatu du Espainiako Gobernuak, adingabeen kontrako sexu abusuen bideoak erakusteagatik
Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak Estatuko Fiskaltza Nagusiari eskatu dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala adin txikikoen babesa "bermatzeko".
TikTok. Artxiboko argazkia: EFE.
TikTok plataformak haurren aurkako sexu abusuen bideoak argitaratu dituela jakin ondotik, Espainiako Gobernuko Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak idatzi bat igorri dio Estatuko Fiskaltza Nagusiari, esku hartzeko eskatuz. Ez hori bakarrik, Ministerioko iturriek gaur, astelehena jakitera eman dutenez, plataformaren jarduera Espainian etetea planteatu du idatzi horretan.
Ministerioak TikTok plataformari buruzko informazioa Fiskaltzaren esku jarri du, eta bere eskumenen baitan biktimak (haurrak eta nerabeak) babesteko beharrezko neurriak har ditzan.
Maldita.es webguneak gaur, astelehenarekin, argitaratu duen ikerketaren arabera, TikTok sare sozialean haurren aurkako sexu abusuen 1.000 bideo baino gehiago identifikatu dituzte. 1.000 bideo horietatik lagin bat aukeratu, 50 inguru, eta plataformaren aurrean legez kanpoko eduki gisa salatu dituzte.
Salaketak salaketa, TikTok plataformak bost bideo baino ez ditu ezabatu (% 10) eta 13 blokeatu (% 26), baina Espainian bakarrik. Kasuen % 6tan ez dute erantzunik jaso, eta gainerakoetan (% 58) ez dutela legerik urratu erantzun dute, nahiz eta azken bideo horien erdiak salaketa egin eta hurrengo 72 orduetan erretiratu egin dituzten. Epe hori igarota, salatutako kontuen % 38k aktibo jarraitzen zuten.
Espainiako Gobernuak "premiazko" bilera eskatu dio TikTok plataformari
Bestalde, Sira Rego Espainiako Gobernuko Gazteen eta Haurren Gaietarako ministroak "premiaz" biltzea eskatu die TikTok plataformak Espainian dituen ordezkariei, lehen eskutik beraien azalpenak entzun eta haurren eta nerabeen babesa bermatzeko hartutako neurriak ezagutzeko.
Ministerioaren ustez, salatutako gertaerak "oso larriak" dira, eta gai horretan eskumena duten "administrazio publiko guztien berehalako erantzun koordinatua eskatzen dute", Espainia eta Europa mailan.
Are gehiago, Ministerioaren arabera, agerian gelditu da TikTok plataformak "gabezia larriak" dituela edukiak antzemateko eta moderatzeko mekanismoetan.