Gertutik
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hizkuntza gutxituetan zeharreko bidaia

Donostia 2016ren Tosta enbaxada ibiltariak asteon hasi du Atlantikoko kostaldeko hizkuntza -komunitate gutxituetan barrena egin behar duen bidaia
logo donostia 2016 san sebastián 2016
logo donostia 2016 san sebastián 2016

Pasaiako portutik abiatu eta guztira 7 geldialdi egin behar  ditu Donostia 2016ren Tosta enbaxada ibiltariak: lehena Irlandan egingo du  apirila bukaeran eta Euskal Herrira itzuli bitartean  Kornualles, Eskozia, Gales, Frisia eta Galiziatik ere pasako da. Leku horietan guztietan geldialdia egingo duena itsas-edukiontzi sorta bat izango da: edukiontzi horiek portuetan ireki egingo dira eta Tosta Village izeneko jaialdi- gune bat sortuko dute portu bakoitzean. Gune horretan  izango dira, adibidez, proiektuan parte hartzen duten herri guztietako musikari zein artistez osatua dagoen Tosta Bandaren emanaldiak.  Horrez gain,  herri horietako bakoitzak izango du Tosta eurenera ailegatzen denean jaialdiko ekintza kulturalak antolatzeko ardura.

“Proiektu honekin aniztasuna ezagutzera emateaz gain ospatu ere egin nahi dugu, eta bestalde, nazioarteko proiektuak egiterakoan bertako hizkuntzei lehentasuna emateko gai den eredu berri bat sortu nahiko genuke”,  dio Axier Basurto Donostia 2016ren barruan egiten diren hizkuntza aniztasunari buruzko proiektuen arduradunak. Imanol Otaegi enbaxaden arduradunak gehitu du  urte amaierarako gida bat prestatuko dutela nazioarteko jaialdiak antolatzen dituztenentzako lagungarri izateko asmotan.

Tosta enbaxadak Atlantikoko bidaia orain hasi badu ere  badarama denbora bat martxan, eta azken hileetan proiektuan parte hartzen duten herrietako artistak  elkartrukean ari dira egonaldi artistikoak egiten. Uxue Arzelus Euskal Herriko ordezkariak adibidez, laburmetrai bat errodatu du Galesen egin duen sei asteko egonaldian. Bere lana eta gainontzeko artistek egin dituztenak edukiontzietan mugituko dira bidaian zehar, portuz portu erakutsiz.

Irailean enbaxada  Pasaiako portura itzuli eta gero, Errenterian egiten den Atlantikaldia jaialdian erakutsiko dute bidaian bildu dutena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X