61. edizioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

1.098 argitalpen berri eta 311 ekitaldi izango ditu Durangoko Azokak abenduaren 4tik 8ra

Guztira, 164 partaide batuko dira Landako Gunean, non 268 erakusmahai atonduko dituzten. Bisitariek 1.098 lan izango dituzte eskuragarri; 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta bestelako 156 argitalpen. Norabide horretan, kulturaren balioak sinetsita, "egitarau ederra" osatu dutela azpimarratu dute prentsaukorrekoan. 

Durangoko Azokaren 60. edizioa 2025eko abenduaren 5etik 8ra egin dute.
Durangoko Azoka 2025

Atzerako kontaketan bete-betean sartuta, Durangoko Azokaren egitaraua eman dute ezagutzera gaur 61. edizioaren antolatzaileek. Jakina zen abenduaren 4tik 8ra dutela euskaltzaleek hitzordua Durangon, baina bertan egongo diren ekitaldien xehetasunak eman gabe zituzten oraindik.

Aurkezpenean azaldu dutenez, euskal kulturaren jaialdi ezagunenak sortzaileetan eta haien lanetan jarriko du fokua aurten. Sorkuntza lan horiek askotariko estiloak eta gaiak bilduko dituzte, "euskal kulturaren bizitasunaren adierazgarri". 

Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa osatu dute. Horregatik, jaialdian murgiltzeko eta arakatzeko deia egin diete antolatzaileek euskaltzaleei, bai ohiko bisitariei eta baita kulturzale berriei ere.

Guztira, 164 partaide batuko dira Landako Gunean, non 268 erakusmahai atonduko dituzten. Bisitariek 1.098 lan izango dituzte eskuragarri; 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta bestelako 156 argitalpen. Norabide horretan, kulturaren balioak sinetsita, "egitarau ederra" osatu dutela azpimarratu dute prentsaukorrekoan. 

Orotara, 311 ekitaldi izango ditu Azokak. Iazko bideari tiraka, iluntze eta gaueko ekitaldi berezientzat gordeko dute tarte bat, azoka bera itxita dagoenean ere, euskal kulturak jarraipena izan dezan.

Horrela, abenduaren 4an, Beira eta Txopet taldeek euren kantuak taularatuko dituzte. Abenduaren 5ean, Mikosis eta Toc taldeen musika entzungo da, eta abenduaren 6an Peiremansen berriena. Hilaren 7an ere egongo da zer gozatu, Musika Berria jaialdia antolatu baitute egun horretarako. Verde Prato, Silitia eta Malakias izango ditu protagonista festibalak. 

Bestalde, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetikoa eta iaz Sormenaren Bekan saridun izan zen Esperantza zoro batez lanak aurkeztuko dituzte.

Egitaraua, guneka banatuta: 

ATARTEA

Arte ederrei eskainitako txokoa Durangoko Museoan egongo da kokatuta. Besteak beste, Euskal Herriko ilustratzaileen lanak eta Txelo Angoitia Azokako argazkilari ofizialaren Begirada Azoka argazkitan erakusketa izango dira bertan ikusgai.

BERBAGAILUA

Madalenako ermita izango da bideopodcasten topaleku. Edukiontzia eta Periferia podcast sortzaileek eta beste askok hartuko dute parte.

TALAIAN

58 ekitaldi proposamen bilduko ditu; adibidez, idazle euskaldun, galiziar eta katalanen errezitaldi eta mahai-inguru bat.

Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskerrak emateko diskoa aurkeztuko du Bonbereneak.

Bukatzeko, Euskal Wikipediaren 25. urtemugak ere izango du tokia, aurrera begirako erronkak ardatz hartuta.

AHOTSENEA

Kantaera estilo ezberdinak dituzten 43 disko aurkeztuko dira Ahotsenean, "hain ezagunak ez diren taldeei ikusgarritasuna emateko sortutako agertokian".

Euskal idazleek ere beren argitalpen berriak taularatuko dituzte. Aurtengoan, ohi denez, nobela nagusituko da literatur sorkuntzen artean, beste genero batzuk izatlpetan utzita.

Nabarmendu dutenez, aurkezpenen erdian baino gehiagotan emakume batek hartuko du parte. 

IRUDIENEA

Film luze, labur eta dokumentalak batuta, 47 lan erakutsiko ditu Irudienak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X