Durangoko Azokak sortzaileak eta programatzaileak batuko ditu, zortzigarrenez
Hondora, DA!PROn.
DA!PRO topaketaren zortzigarren edizioa azaroaren 24an eta 26an egingo du Durangoko Azokak, musika eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileak, profesionalak eta programatzaileak elkartzeko.
Euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta kultur zein euskara teknikariek, liburutegietako dinamizatzaileek eta jai antolatzaileek horiek ezagutu eta aztertzeko aukera izango dute.
Haur ikuskizunen arloko topaketa Berbaro Elkarteak antolatuko du, eta musikaren ingurukoa, Musika Bulegoak. Programatzaileek azaroaren 23ra arte izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean.
Haurrentzako ikuskizunen jardunaldia azaroaren 24an izango da, 09:30etik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian, eta proposamen hauek aurkeztuko dituzte: "Ortzi-mugaren bi aldeak" (Ameli ipuin kontalaria), "Hitzekin jolasean" (Taulelak Antzerki Taldea), "Bertso jasa bat-bateko jolasa" (Lanku), "Txuri-beltza da ta!" (Lanku), "Otsoko eta Xixili" (Lanku), "Desberdinak gara eta harro gaude" (La Enananaranja), "3 Elementu - 360ºko esperientzia murgiltzailea" (Hodei Produkzioak), "Nai Malabarista" (Nai Imaginazioak), "Ameztu antzerkia - Ipurbeltz" (Nai Imaginazioak) eta "Kay robot" (Ameztu antzerkia).
Bestalde, azaroaren 26an, 09:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean izango da musika proiektuen txanda, eta hamar proposamen hauek azalduko dute beren proiektua: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l.