Sariak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Itziar Okariz, Beatriz Olabarrieta eta Kampai Espaziorentzat izango dira Gure Artea sariak

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria, sorkuntza lana aitortzeko saria eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jasoko dute, hurrenez hurren. Arte plastikoen eta ikusizko arteen sariak banatzeko ekitaldia urriaren 28an egingo dute, Donostian.
Gurea Artea sariak. 
Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Beatriz Olabarrieta eta Kampai Espazioaren ordezkariak,

Andoni Itube Kultura sailburuordea, Beatriz Olabarrieta eta Kampai Espazioaren ordezkariak. Itziar Okarizek ez du ekitaldira bertaratzerik izan. 

Itziar Okarizek (ibilbide artistikoa aitortzeko saria), Beatriz Olabarrietak (sorkuntza lana aitortzeko saria) eta Kampai Espazioak (arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria) jasoko dituzte aurten Gure Artea sariak, Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan ematen dituen saririk garrantzitsuenak

Epaimahai batek aukeratu dituen pertsona eta entitateok 20.000 euro jasoko dituzte, eta urriaren 28an emango diete saria Donostian, Tabakaleran. Epaimahaiko kideak Catalina Lozano Moreno komisario eta ikertzailea (presidentea), Ane Abalde Amezaga, Jon Mikel Euba Arrue, Josu Bilbao Ugalde eta Miriam Alzuri Milanes izan dira.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, Itziar Okarizek (Donostia, 1965) hogeita hamabost urte baino gehiago daramatza “performance, ekintza, bideo, instalazio eta testu-piezen bidez, arkitektura, lurralde, gorputz, erritual, sexualitate eta hizkuntzaren arteko harremanak ardatz dituen ikerketa artistikoa lantzen”.

Epaimahaiaren iritziz, “elementu performatiboa esanahia sortzeko funtsezko tresna gisa txertatu zuen artista-belaunaldikoa da Okariz, eta hori performance garaikidearen esparruan nazioarteko erreferentzia bilakatu zen”.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria Beatriz Olabarrietak (Bilbo, 1979) jasoko du, epaimahaiak hala ebatzita: “Jardun artistikoa esperimentazio-eremu gisa garatzen du; bere lanaren ezaugarri nagusia hurbilketa intuitiboa eta erlazionala da”, azaldu dute.

“Keinu txikiak eta eraldaketa sotilak eginez, objektuek elementu material izateari uzten diote” bere eskuetan, “eta harremanak aktibatzeko, pertzepzioak aldatzeko eta esperientzia-forma berriak sortzeko ahalmena duten mekanismo bihurtzen dira”.

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria Kampai Espazioa Bilboko gune autogestionatuari eman dio epaimahaiak.

Abian jarri zenetik, Kampai Espazioak “hainbat belaunalditako artista, kolektibo eta kultur eragileentzako topaketa-, ekoizpen- eta erakusketa-gunea” bultzatu duela azaldu dute epaimahaikideek.

Epaimahaiaren arabera, “Kampai Espazioak gaitasun handia erakutsi du testuingurua sortzeko, eragileen arteko lankidetza bultzatzeko eta euskal gazteen arte-sarea indartzeko. Etengabeko lan horri esker, espazioa erreferentea da Euskadiko ekosistema artistiko garaikidearen arloan”.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X