Gaur inauguratuko dute Arte Ederren Bilboko Museoa
Handitze lanak amaituta, eta inaugurazio ofizialaren ondoren, asteartean irekiko dituzte ateak berriro. Sarrera doakoa izango da urriaren 6tik 13ra.
Arte Ederren Bilboko Museoaren artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Arte Ederren Bilboko Museoa prest dago ateak berriz ere irekitzeko. Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen esku-hartzearen ostean, berritu eta nabarmen handitu dute museoa eta gaur egingo dute inaugurazio ofiziala.
6 mila metro koadro gehiago ditu museoak. Orain arteko bi eraikin historikoen berezitasun formal eta funtzionala errespetatzen du, baina hirugarren eremua gehitu diote Agravitas izeneko proiektu honetan. Lehengo museoaren gainean, 11 metroko altueran, airean dagoela dirudi egitura berriak. Beirazko hormak ditu eta 2.000 eta 5.000 metro koadroko azalera, bi solairutan banatuta.
Eraldaketa Arriaga Atarian ere nabari da. Agravitasen azpian dago eta lehen kaleko espazioa zena estalita gelditzen da orain. Erdigunean Francisco Durriok Juan Crisostomo Arriaga konpositoreari eskainitako eskultura dago, eta Fosterren hitzetan museoaren bihotz berria da.
Goian, BBKmuseoa estreinatuko da, 1500 metro karratuko galeria gardena, aire zabaleko eskulturarako terraza duten aldi baterako erakusketetarako, eta beheko solairuan, Diseinu eta Arkitektura bilduma berria.
Horrela, museoak hamahiru arte-gune ditu, hiru arkitekturatan banatuta: 1945, 1970 eta gaur egungoa.
Lanak ia lau urtez luzatu dira. Asteartean irekiko ditu ateak eta sarrera doakoa izango da urriaren 13ra arte.