Erresuma Batuko The Epiphoni Consort nagusi Tolosako Abesbatza Lehiaketan
Britainiarrek lehen postua eskuratu dute polifonia eta folklore alorrean, bigarren hori 'ex aequo' Esloveniako Academic Choir Tone Tomsic abesbatzarekin batera. Haur abesbatzen artean, Txekiako Kajetan Children's Opera Choir taldea izan da onena.
Abesbatza irabazlea, Tallinnen (Estonia). Argazkia: The Epiphoni Consort
Erresuma Batuko The Epiphoni Consort abesbatzak irabazi du 57. Tolosako Abesbatza Lehiaketaren sari nagusia, eta horrenbestez, berak bereganatu du 2027an Arezzon (Italia) Europako Abesbatzen Sari Nagusian kantatzeko txartela. Londresko korua helduen bi modalitateetan nagusitu da: polifonian eta folklorean. Dena dela, bigarren horretan, Esloveniako Academic Choir Tone Tomsic abesbatzarekin partekatu du saria.
Haur abesbatzen kategorian, Txekiako Kajetan Children's Opera Choir abesbatzak eskuratu du lehen saria. Indonesiako Saint Angela Choir izan da bigarren, eta Espainiako Pequeñas Voces de la Alhambra (Granada), hirugarren.
Helduen kategorian, folklorean, The Epiphoni Consort (Erresuma Batua) eta Academic Choir Tone Tomsic (Eslovenia) nagusitu dira, berdinduta. Letoniako Mixed Choir Juventusek eskuratu du bigarren saria, eta Indonesiako Vox Angelica Choir abesbatzak, hirugarrena.
Polifonia modalitatean, Erresuma Batuko taldea izan da jaun eta jabe. Bigarren saria Esloveniako Ljubljanako Unibertsitateko Academic Choir Tone Tomsic abesbatzarentzat izan da, eta hirugarren saria, Letoniako Unibertsitateko Juventus koru mistoarentzat.
Epaimahaiak bart jakinarazi ditu sariok, baina gaur banatuko dituzte. Hiru egunez, 10 herrialdetako 14 abesbatza aritu dira Tolosan lehian. Aurten ez da Euskal Herriko talderik izan bertan.