Lola Valverde historialariak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria
Lola Valverde Lamsfus (Donostia, 1941) historialariak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Sari hori 1983an sortu zuen kultura institutuak, “Euskal Komunitate Globaleko pertsona ezagunek euskal kulturaren alde egindako lan osoa aitortzeko”.
Lola Valverdek Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatu zen, 1976an, Nafarroako Unibertsitatean, eta 1992an doktoretza lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1990etik aurrera, irakasle izan zen, eta Historia Garaikideko katedradun eta irakasle emeritu izatera iritsi zen erretiroa hartu ondoren.
Lola Valverdek “euskal historiari heltzeko modua berritzen lagundu du, genero-ikuspegia bertan txertatuz eta, lehen aintzat hartu ez ziren, gizarte-sektoreak eta errealitateak aztergai bihurtuz”, Eusko Ikaskuntzatik azaldu dutenez.
“Familia, jabetza, herentzia, pobrezia, ezkontzaz kanpoko amatasuna, abandonatutako haurrak, emakumeen lana eta egoera juridikoa, genero-harremanak eta eguneroko biziraupen-estrategiak izan ditu ikergai, eta horiekin argitu ditu desberdintasun sozialak eta bazterketa-mekanismoak”, ebazpenaren arabera.
Manuel Lekuona sariaren epaimahaikideak Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Eresbil, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera izan dira.
Remigio Mendiburuk sortutako Manuel Lekuona saria irudikatzen duen brontzezko eskultura emateko ekitaldia 2027an izango da, zehazteko dagoen egun batean.
Sariaren aurreko irabazleen artean daude, besteak beste, Manuel Lekuona bera, Bernardo Estornes Lasa, Xabier Diharce Iratzeder, Jorge Oteiza, Micaela Portilla, Piarres Charriton, Jean Haritschelhar, Menchu Gal, Joan Mari Torrealdai, Jean Louis Davant eta Enkarni Genua.