61. edizioa

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Durangoko Azokak Euskal Herriko sortzaileen lana goraipatuko du abenduaren 4tik 8ra

Kulturaren sorkuntzaren atzean dagoen lana eta sortzaileen ekarpena aitortuko ditu azokak. Andoni Beristainek sortu du aurtengo iruditeria, kultura sortzeko erabiltzen diren tresnak ardatz hartuta.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Durangoko Azokaren 61. edizioa abenduaren 4tik 8ra egingo da. Gerediaga elkarteak gaur aurkeztu du Landako Gunean aurtengo iruditeria. Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du, euskal kulturaren aberastasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana nabarmentzeko.

Azokak iaz, 60. edizioaren harira, hartutako DA! Kulturaren Jaialdia izendapenari eutsiko dio aurten ere. Hala, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak bilduko ditu, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzeko eta euskarazko eta Euskal Herriko kultura sustatzen jarraitzeko.

Gerediaga elkarteak hilabeteak daramatza abenduko bost egunak prestatzen, euskararen eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun elkartzeko. Liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak partekatzeko gunea izango da berriz ere azoka, baina, batez ere, kultura bizitzeko eta hartaz gozatzeko topagunea.

Sortzaileen lana aitortu eta kulturzale berriak erakartzeko deia

Aurtengo edizioan, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi ditu Durangoko Azokak. Izan ere, kulturaren aberastasuna ez dago eskaintzen diren diziplina eta proposamenen aniztasunean soilik, baizik eta horien atzean dagoen lanean ere.

"Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere", azaldu du Beñat Gaztelurrutiak, azokaren koordinatzaileak. Horregatik, sortzaileen ekarpena aitortu eta ikusgarri egin nahi du azokak.

Gaztelurrutiak, gainera, euskal kulturara gerturatzen ari diren kulturzale berrien interesa nabarmendu du. Azaldu du euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuek publiko berriaren arreta piztu dutela azkenaldian.

Azokak jakin-min horrek bidea egiten jarraitzea nahi du, eta euskal kultura bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi duten guztiei bertaratzeko gonbita egin die.

Andoni Beristainek sortu du aurtengo iruditeria

Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak garatu du 61. edizioko proposamen bisuala. Bi ideiatatik abiatu da: euskal kulturaren aberastasuna erakustetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik.

Horretarako, kulturaren arloetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoien bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. Besteak beste, irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea ageri dira.

Beristainek azaldu duenaren arabera, objektu horien bidez kulturaren alorren bilakaera erakutsi nahi izan du. Teknologia berriak iritsi ahala tresna horietako asko desagertu egingo zirela uste izan zen, baina bizirik diraute gaur egun ere, eta batzuek indarrez berreskuratu dute beren lekua.

Koloreek eta testurek ere badute beren garrantzia. Etxeko moketaren antzeko atzealdea erabili du artistak, giro goxo eta gertukoa sortzeko eta objektuak zein horien bidez helarazi nahi dituen mezuak modu hurbilean aurkezteko.

Euskal Herria eta euskara, sormenaren sustrai

Zumarragan jaioa, Beristain 18 urterekin joan zen Bartzelonara diseinu grafikoa ikastera. Han deskubritu zuen argazkigintza, eta arte zuzendari gisa lan egin zuen bi enpresatan; sei urtez, gainera, Unibertsitatean eskolak eman zituen.

Duela bost urte Donostiara joan zen bizitzera, eta ordutik bere estudioan egiten du lan, argazkigintzan, diseinuan eta arte zuzendaritzan. Bere lana koloretsua eta minimalista da, surrealismo-puntu batekin, eta irudi xumeen bidez gogoeta eragitea du gustuko.

Bere proiektu pertsonalen artean daude Pieza Redonda, gorputz ez-normatiboei buruzkoa; Pieza Rota, minbiziaren inguruko estigmari buruzkoa; eta Pieza Madre, amari agur esateko sortutako argazki-liburua.

Euskal Herria, euskara eta hemen bizitako esperientziak ditu bere sormenaren sustrai. Horregatik, Durangoko Azokaren iruditeria sortzea berezia izan da berarentzat: hain maite duen herrialdeko proiektu bati bere begirada artistikoa eskaintzeko aspaldiko ametsa bete du.

Aurtengo iruditeria aurkezteko ekitaldian, Gerediaga elkarteko eta azokako guneetako arduradunez gain, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere izan dira, tartean EITB, Durangoko Udala, hiru lurralde historikoetako foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel eta Konfekoop.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X