Cecilia Solaguren: 'Istorio inportante eta konprometitua da ‘Los años rápidos’ lana'
Jesús Ibáñez de Matauco Gasteizko antzokiak Los años rápidos Secun de la Rosa aktore eta antzerkigileak idatzi eta zuzendutako antzezlana hartuko du ostegun honetan, otsailak 15, 20:30etik aurrera.
Hiru eszenatan, antzezlanak langile klaseko familia baten istorioa erakusten du, hainbat arotan, eta argi erakusten du pisu bat, etxebizitza bat, herentzia politiko, afektibo eta emozionala izan daitekeela bertan bizi diren familiako kideentzat.
Aktore taldean, Cecilia Solaguren basauriar aktorea ageri da, eta berarengana jo dugu antzezlanaz gehiago jakiteko.
Zer aurkituko dute ikusleek Los años rápidos antzezlanean?
Istorio honetan, uneren batean pertsonaietako batekin identifikatuko dira ikusleak. Hori guztia, umore handiz eta misterio apur batez eskainia, berebiziko garrantzia duen kontu bat argitzen den arte. Gauza ezagun asko aurkituko ditu: etxea, pertsonaiak, altzariak, musika... Guztiak izango du oihartzuna ikusleengan, nola edo hala.
Antzezlan laburra da, baina ikusleen memorian gelditzen da, kritiken arabera. Zergatik hori, zure ustez?
Antzerkian, istorioarekiko inplikazioa garrantzitsua delakoan nago. Lana ikusi duen jendeak esan digu beste aro batera eraman dugula, beste espazio batera, beste toki batera aldatu dugula.
Istorio indartsua eta gertukoa da, eta, pertsonaiak horren gizatiarrak direnez, beti aurkitzen da lotura batekin edo bestearekin.
Zer gustatu zitzaizun gehien De la Rosaren testutik?
Secunek funtzioa pasatu zidanean, liluratuta geratu nintzen Angelitaren pertsonaiarekin eta ahizpek bizi duten egoerarekin.
Angelitak emozio asko bizi ditu, oso pertsonaia benetakoa da, edozein hiritan aurki dezakezun horietako bat: familia baten egoera osoaren ardura bere gain hartzen du, eta familia zaindu eta, aldi berean, sufritu egiten du.
Liluragarria iruditzen zait Secunek testuetan umorea, errealitatea eta drama nola uztartzen dituen.
Horrelako paper intentsuak edo antzezlan arinagoak dituzu nahiago?
Istorioa gustuko dudanean eta zerbait interesgarria kontatzen duenean egoten naiz gustura, antzezlan batek eduki dezake arintasunetik eta intentsitatetik.
Nire ustez, zer kontatzen den eta nola egiten den da garrantzitsuena. Hemen istorio garrantzitsu eta konprometitua kontatzen dugu, familia askotan gertatu ahal izan dena, eta niretzat behar-beharrezkoa da istorioan sinestea berarekin konprometitzeko.
Zein da, zure iritzian, oreka egokia entretenimenduaren eta antzerki engaiatuaren artean?
Ikuslea guk agertokitik proposatzen dugun mundura hegan eramatea da ideala, eta tarte batez bere bizitza ahatz dezala, nolabait hunki dadila.
Denetariko ikuskizunak daude, eta jendea antzokitik zama arinagoarekin irteten bada, bere bizitza une batez ahaztuta, lortu dugu helburua. Baina istorioak gehiago kontatzea bilatzen dut nik, diskurtsoan harago egitea. Jakin-minez jarraitzeko eta antzezkizun bakoitzean gauza berriak aurkitzeko modu bakarra da hori niretzat.

Antzezlanak mugatzen gaituzten iraganeko zamak ditu hizpide, arbuiatuta ere mugatzen gaituzten horiek. Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste orbainak ixtea eta iraganeko zamak arintzea?
Zaila da aldatzea, batik bat familiaren barruan. Nire aburuz, inongo giza talde konplexu, intentsu eta zailena da familia.
Batzuetan, gure egiari eusten diogu, gure esperientziari, eta ondoan dugun pertsonak gu bizitzen ari garena bizitzen du, baina oso modu ezberdinean; gertu egonagatik ere, gerta daiteke gure buruak elkarrengandik oso urrun egotea.
Zaila da ulertzea bakoitzak gauzak bere modura bizi dituela eta, horrela ere, elkarrekin egon gaitezkeela, ez dugula zertan bestea aldatu, baizik eta ulertu sentsazio eta esperientzia berek toki oso ezberdinetara eraman gaitzaketela eta hori ondo dagoela. Aukera askori zabalik egon behar dugu.
Antzezlanaren ekoizlea ere bazara. Garai onak dira antzerkirako? Zer zailtasun eduki dituzue antzezlana aurrera ateratzeko?
Antzezlana harribitxia da. Secunek berarekin batera ekoiztea proposatu zidanean, ez nuen dudarik izan. Gure lanbidean arriskurik ere badago, eta aurre egin behar zaio beti; ez dakizu nola irtengo den, baina konfiantza duzu.
Inork ezin dizu segurtatu ekoizteko garai ona dela, arriskua hartu behar da, edo ez. Nik, oraingoan, argi eduki nuen.
Lan handia egin behar dugu horrelako funtzio bat aurrera ateratzeko. Egia da asko gustatu dela eta jende askok babestu gaituela, baina mila gauza dira, paper kontuetatik hasi eta jantzietaraino, entseguak, bidaiak… Nekeza baina liluragarria da.
Zuretzat berezia da Euskal Herrian aritzea?
Oso berezia! Beti etortzen da ezagutzen dudan jendea, familia, lagunak… Eta ondo ezagutzen nautenak begira edukitzeak urduriago jartzen nau, gehiago biluztuko banintz bezala da.
Kontu handiagoz aritu behar naiz neureen aurrean: ikastolako jendea, modu batera ezagutu nauten baina beste modu batera ikusten nautenak, aita eta ama, izeko Dori…
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Antzerki Klasikoko Espainiako Konpainiarekin nabil, eta martxoaren 15ean Gasteizera etorriko gara, La dama duende lanarekin, eta zinema eta telebistako beste hainbat gauza daude, baina zehazteko daude oraindik.
Eta Los años rápidos-ekin bira ona egin eta hilabete batzuk Madrilgo antzoki batean emateko gogo handia dut.
Zure interesekoa izan daiteke
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
"Carne y arena" murgiltze esperientzia astelehen honetatik aurrera egin ahal izango da EITBren Bilboko egoitzan
Azken egunotan, talde teknikoek lan handia egin dute beharrezko doikuntzak egiteko. Esperientzia hau prestatzeko, erronka tekniko handiari egin behar izan diote aurre, eta baldintza tekniko zehatzak eskatzen dituen gailu berri bat erabili behar izan dute.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
EITBren "Super Manterola" komedia berria grabatzen ari dira
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia daude aktoreen artean. Karmelo eta Luixito anaiak dira, biak mutilzaharrak, eta Bakartxo ilobarekin batera, Super Manterola dendaren ardura dute. Azpeitiko Erdi kalean grabatzen ari dira eta, oraindik emisio egunik zehaztu ez bada ere, barre-algarak egin egingo ditugu.
Korrikaren lehen kilometroak Parisen, aldarrikapenez beteta
Dozenaka lagunek hartu dute parte Korrikaren lehen kilometroetan, Parisen, eta Euskal Etxearen 70. urteurrena ere ospatu dute, besteak beste, Frantziako Estatuan euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz.
“Los domingos”ek goya jo du
Alauda Ruiz de Azuaren pelikulak film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak irabazi ditu Goya sarien 40. edizioan. Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso du, Maspalomasen egindako lanagatik, eta euskal zinemak zortzi sari bereganatu ditu guztira.
'Yellow Letters' filmak lortu du Berlinaleko pelikula onenaren Urrezko Hartza
Turkiako agintariek artista bikote baten aurka duten zentsurari buruzkoa da Ique lker Çatak zinemagile turkiar-alemaniarraren filma.
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Amikuzeko libertimenduarekin, inauteri giroan murgildu da Nafarroa Beherea
Libertimenduek Donapauleko plaza hartu dute musika, dantza, bertsoa eta antzerkien eskutik. Martxoaren 14ra bitartean, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera egongo da herriko sorkuntzekin.
Jone San Martinek "sORDA" ikuskizuna sortu du, gortasunaren inguruan
Dantza garaikidearen eta soinuaren zein isiltasunaren arteko elkarrizketa eskaintzen du dantzari donostiarrak ikuskizun berrian.