Migrazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Carne y arena" murgiltze esperientzia astelehen honetatik aurrera egin ahal izango da EITBren Bilboko egoitzan

Azken egunotan, talde teknikoek lan handia egin dute beharrezko doikuntzak egiteko. Esperientzia hau prestatzeko, erronka tekniko handiari egin behar izan diote aurre, eta baldintza tekniko zehatzak eskatzen dituen gailu berri bat erabili behar izan dute.

"Carne y Arena" Alejandro González Iñarrituren instalazioa

"Carne y arena"

Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagilearen Carne y arena murgiltze esperientzia astelehen honetatik aurrera egin ahal izango da EITBren Bilboko egoitzan, instalazioaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak izan diren azken doikuntza teknikoak egin ondoren, 90_20 ekoiztetxeak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Bisitariak mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta errefuxiatuek egindako bidaiaren zati baten erdian kokatzen ditu errealitate birtualeko lanak.

Azken egunotan, talde teknikoek lan handia egin dute beharrezko doikuntzak egiteko. Esperientzia hau prestatzeko, erronka tekniko handiari egin behar izan diote aurre, eta baldintza tekniko zehatzak eskatzen dituen gailu berri bat erabili behar izan dute.

Ekoiztetxeak eskertu egin du EITBren eta erakunde antolatzaileen babesa, eta deitoratu egin ditu agendan eragindako eragozpenak. Era berean, iragarri du ostiralean, martxoak 20, ekitaldi instituzional bat egingo dela, Alejandro Gonzalez Iñarritu bertan dela. Instalazioa bisitatzeko sarrerak EITBren webgunean eskuratu ahal dira.  

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Banku Fundazioaren eta EITBren bitartez iritsi da instalazioa Bilbora. Carne y arena 2017an estreinatu zen, Cannesko 70. jaialdian, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar sari berezia eman zion urte horretan bertan, “esperientzia narratibo aparta” dela iritzita.

Guztira, 15 minutuko esperientzia bat proposatzen du lanak, errealitate birtualeko 6 minutu eta erdiko emanaldia barne, eta “bisitariak ez du migrazioa ikusten: zeharkatu egiten du”. Iñarrituren hitzetan, obra hau "enkoadraketaren diktadura apurtzeko" eta zuzeneko esperientzia bat ahalbidetzeko nahitik sortu zen, "migratzaileen oinekin ibiliz, haien azalaren azpian eta bihotzaren barruan".

Zuzendariaren ustez, bira Euskal Herrian hastearen dimentsio sinbolikoa ukaezina da, eta gogorarazi du nolako elkartasuna erakutsi zien Mexikoko herriak Espainiako Gerra Zibilaren osteko euskal erbesteratuei, eta nola berak ere familia-loturak dituen herriarekin. 

18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X