Egitasmoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du

Kultur sistema “antolatzea, koherentzia ematea eta sendotzea” da lege egitasmoaren helburua. Alegazioen epea martxoaren 20an irekiko da, “sektore kulturalaren, erakundeen eta herritarren ekarpenak jasotzeko”.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea
Ibone Bengoetxea sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea. Argazkia: Irekia.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du gaur Donostian, San Telmo Museoan, eta testuari alegazioak aurkezteko epea martxoaren 20an hasiko dela iragarri du.

“Lege hau tresna bat da Euskadin kulturak sistema gisa hobeto funtziona dezan: eskubideak indartzen ditu, euskara erdigunean jartzen du eta kultura-politikarako benetako tresnak ematen ditu”, azpimarratu du lehendakariordeak.

Zirriborroak gehienez ere bost urtean behin Kultura Plana egitea aurreikusten du, esaterako, baita kultura esparru guztietan “euskararen presentzia, ezagutza, transmisioa, zabalkundea, ikusgarritasuna eta erabilera sustatzeko neurriak” artikulatzea ere.

Lege egitasmoaren testuak hamar berrikuntza hauek aurreikusten ditu: 

  1.      Sistema-legea da, ikuspegi integratuarekin.
  2.      Ez du administrazio-egitura berririk sortzen, ezta eskumenak aldatzen ere.
  3.      Bost urteko Kultura Plana ezartzen du, luzapen automatikoarekin.
  4.      Bi urteko plan operatiboak ezartzen ditu.
  5.      Adierazle homologagarrien sistema sendotzen du.
  6.      Euskal Kulturaren Behatokia indartzen du eta datuen erabilera bultzatzen du.
  7.      Dimentsio digitala txertatzen du (espazio digitalak, alfabetatzea eta eskubideen ikuspegia, AA barne).
  8.      Jasangarritasuna eta GJHak integratzen ditu politika eta zerbitzuetan.
  9.      Espazio publikoaren balioa aitortzen du kultura-esparru gisa.
  10.      Bermeak ezartzen ditu: Arartekoaren papera eta hiru konpromiso (finantzaketa, Zerbitzu Gutuna eta Jardunbide Egokien Gida).

Alegazioen epea martxoaren 20an irekiko da, Bengoetxeak azaldu duenez, “sektore kulturalaren, erakundeen eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu parte-hartzaile baten barruan”.

Kultur sistema, zifratan

Euskal Autonomia Erkidegoko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak biztanleen % 75,9k liburuak irakurtzen dituzte, % 64,8 kontzertuetara joaten dira, % 63,4 zinemara joaten dira eta % 57,9, antzerkietara

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak kultura- eta sorkuntza-industrien ekosistemari buruz egindako txostenaren arabera, EAEn 16.886 kultura- eta sorkuntza-enpresa daude, eta kultura-sektoreari lotutako 33.983 lanpostu (enplegu osoaren % 3,8).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X