'Antzerkigintzan, gaur egungo errealitateak eta borrokak islatzen ari dira'
Hamalaugarren aldiz egingo dute Aulestin, apirilaren 22tik 27ra, Artedrama Euskal Laborategia, arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea. Astelehenetik larunbatera, ikastaro trinkoak eta antzezlanak eskainiko dituzte Bizkaiko herrian, “aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat”.
Ikastaro trinkoetan (astebetean bukatu ziren plazak, 48 orduko ikastaroetarako), Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias irakasleek begiratzeko moduari, gorputza eta ahotsa trebatzeko moduari, istorioak sortzeko moduari, espazioarekin jarduteko moduari eta musika eta erritmoari buruzko jakingarriak partekatuko dituzte.
Gainera, antzerki giroan, iluntzeetan antzezlanak ikusteko parada izango dute antzerkiaren kosmos horretako biztanle eta bisitariek egunero, astelehenetik larunbatera. Aurten, emakumea ardatz duten zortzi ikuskizun programatu dituzte arduradunek.
Irantzu Azpeitia Artedramako kideak topaketen inguruko jakingarri gehiago eman dizkigu.
Zer helbururekin sortu zenuten ArteDrama Euskal Laborategia duela hamalau urte?
Duela hamalau urte, Xabino Alkorta eta Ander Lipus Artedramako kideak laborategia bultzatzera animatu ziren, ausart, arte eszenikoetan euskara hutsean lantzeko espaziorik ez zegoela ikusita. Helburua elkargune hori sortzea izan zen, laborategiaren bitartez euskaraz lan egiten duten sortzaileen topagunea abiatzea, formazioa jasotzeko.

Argazkia: Ainhoa Resano
Eta zertan aldatu da euskarazko antzerkiaren mundua orduz geroztik?
Orduz geroztik, bai Artedrama bai euskarazko antzerkiaren errealitatea aldatu egin dira, hazkunde bat nabaritzen da kopuruan zein kalitatean. Formazioari dagokionez, zorionez, goi mailako eskola sortzea aurrerapausoa izan da; sektore honen aspaldiko egitasmoetako bat izan da, eta orain Euskal Herrian ikasketak egiteko aukera badago gutxienez, nahiz eta oraindik gabeziak eta bide luze bat izan egiteko.
Paradigma aldaketa horrek aldatu du Aulestiko Topaketak planteatzeko modua?
Euskal eszenan, talde amateur eta profesional gehiago sortzen ari dira, eta, horren ondorioz, erabakiak hartzera behartuta egoten gara urtero Aulestiko Topaketen programazioa antolatzeko orduan, eskaintza nabaria eta anitza da eta.
Oro har, ikusle kopurua nabarmen igo da, eta, aspalditik, asteburuko emanaldiak frontoian egiten ditugu, udal aretoan publikoa ez delako sartzen. Herrian, Pazko asteko Euskal Laborategia ezinbesteko zita bihurtu dela pentsatzen dut.
Aurtengo ediziorako, matrikulazio epean sekulako eskaria egon da, astebetean plaza guztiak bete dira, eta pozik egoteko modukoa da hori, egia esan. Hori guztia kontuan hartuta, Topaketak indartzen eta finkatzen goazela esango nuke.
“Aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleentzat” zabaldutako gunea da Laborategia. Zein da, gutxi-asko, parte-hartzaileen profila?
Profil ezberdinak daude ikasleen artean, baina arte eszenikoen zaletasuna da batzen dituen ezaugarria. Eskarmentu handiko profesionalak eta antzerkizaleak nahasten dira, baita beste diziplina batzuetan diharduten artistak eta sortzaileak ere, baina neurri txikiago batean. Taldearentzat, oso aberasgarria da aniztasun hori egotea.

Argazkia: Ainhoa Resano
Formazio mailan, gutxieneko batzuk bete behar ditu parte hartu nahi duenak?
Matrikula egiteko, gutxienekorik ez dugu eskatzen, baina interesa dutenek normalean aurkezpenetan frogatzen digute esperientzia badutela, tailer bat egin dutelako edo beraien ogibideak antzerkiarekin zerikusia duelako.
Azkenik, azpimarratzekoa da taldean nesken presentzia beti handiagoa izaten dela, antzerkigintzan bezala, eta horrexegatik aurtengo edizioan irakasle eta sortzaile emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izan diegu.
Eta zer aurkitzen dute bertan parte-hartzaileek? Nolakoa da egun bat Aulestiko Topaketetan?
Intentsua da, oso; polita ere bai, ikasleok, irakasleok, antolatzaileok eta herritarrok bat eginda amaitzen dugulako. Eguneko dinamika oso antolaturik dago: ikastaroak goizez eta arratsaldez, 4 orduko saio bana izaten ditu. Otorduak guztiok batera egiten ditugu, herriko aterpetxean. Egunotan, elkargunea da guretzat, eta tarte bat sortzen da solasaldirako eta sentsazioak partekatzeko.
Ikasleak eta irakasleak talde dinamikan sartzen diren unetik, giro berezia sumatzen da herrian. Gauez, jaialdiaren txanda izaten da, emanaldia ikustera hurbiltzen gara guztiok elkarrekin, eta, orduan, herria eta artista gonbidatuak protagonista nagusiak bihurtzen dira.
Gehienetan, irakasleen azken sorkuntzak taularatzen dira, eta oso interesgarria da ikastaroa eman duen interpreteak nola planteatzen duen antzezlana eta zer esan nahi digun ikustea. Lehenengo aldiz datorrenak antzerkiaz era natural batean gozatzeko aukera aurkitzen du bertan.

Argazkia: Ainhoa Resano
Antzezlanen aurtengo programan, emakumea ardatz duten zortzi ikuskizun aukeratu dituzue. Zer isla izaten ari da borroka feminista euskarazko antzerkigintzan?
Antzerkigintzan, beste eremuetan moduan, gaur egungo errealitateak eta borrokak islatzen ari dira. Gure lanaren funtsa da, antzerkia gizartea eraldatzeko baliabidea eta iritzi kritikoa sortzeko tresna izan behar delako.
Emakumeok bizi dugun egoera oso kezkagarria da, eta borroka hasi besterik ez dugu egin. Ahal dugun neurrian, oholtzatik edo egituraketatik emakumeari merezi duen lekua eman behar diogu, eta antzerkigintzan ere kontzienteagoak garela uste dut, oso premiazkoa denez gero.
Emakume zuzendari, sortzaile eta kudeatzaile asko daude sektore honetan, eta gure karguak, soldatak eta rolak zeintzuk diren aztertzen eta ikertzen hasi gara. Artedraman, kontziente izaten saiatzen ari gara, eta borroka kolektibo honen eragile aktibo bat izatea gustatuko litzaiguke. Horrexegatik uste dugu begirunez jorratu behar dugun egoera dela.
Zure interesekoa izan daiteke
“La maestra”, “Welcome & Sorry” eta “Torcidxs”, Max sarietarako izendatuta
Arte eszenikoen Espainiako sarietan, gainera, Jesus Cimarro bizkaitar ekoizleak Ohorezko saria jasoko du. SGAE Egile eta Editoreen Espainiako Elkarteak antolatzen duen sariketa ekainaren 1ean egingo dute, Meridan.
Shakespeare Alkizara eraman du Dantzertik
Dantzerti eskolako Arte Dramatikoko graduko 4. mailako ikasleek "Shakespeare ez zen inoiz hemen egon" antzezlana estreinatu dute bart Barakaldon; gaur, Barakaldon izango da ikusgai ostera ere, eta apirilaren 27an Errenterian. 2026an, Gipuzkoako herri txiki batean Shakespeareren lan argitaragabe bat aurkitu zutela zabaldu zen. Kazetari eszeptiko baten etorrerak interes ezkutuak, engainuak eta anbizioak azaleratuko ditu eskuizkribuaren inguruan, benetakotasunari, iruzurrari eta botereari buruzko komedia honetan.
Arriaga Antzokiak La Cubana taldearen "La cuisine de ma cousine" lana eskainiko du udan
Kataluniar konpainiak 29 emanaldi egingo ditu Bilboko antzokian, abuztuaren 13tik irailaren 13ra bitartean.
Alfredo Sanzol Gayarrera iritsiko da, senidetasunari eta doluari buruzko hausnarketa batekin
La última noche con mi hermano nafarrak idatzi eta zuzentzen duen lana ostiralean eta larunbatean taularatuko dute, Iruñean.
Alex Gerediagak “Gesualdo WC Station” estreinatuko du asteburuan Arriagan
Bilboko udal antzokiak ekoitzi duen ikuskizuna Carlo Gesualdo italiar konpositorearen historia du kontagai.
Euskal Herriko emakume meatzarien historia ikusezina taularatu du Kalamua Sopelako taldeak
Kalamua Sopelako antzerki taldeak Euskal Herriko emakume meatzarien historia taularatu du Alas de hierro lanarekin. Taldea osatzen duten sei emakumeek sormena, aldarrikapena eta umorea uztartu dituzte. Ez dute emakume meatzarien abesti edo ereserkirik aurkitu, asko bilatu badute ere, baina hori ez da oztopo izan.
“Itzulera” Dejabu konpainiaren lanak irabazi du Donostia Antzerki saria
2025ean Donostian konpainia profesional batek euskaraz publiko helduarentzat egin duen lan onena izan da, epaimahaiaren arabera. 12.000 euroko saria eta margolan bat jasoko du konpainiak sari gisa, martxoaren 27an, eta antzezlan irabazlea taularatuko dute.
Lautan Hiru antzerki jaialdiak zortzi ikuskizun eskainiko ditu
Lau astez egingo dituzte antzerki emanaldiak Bilbon, ostegunetan, eta Baionara ere iritsiko da jaialdia, apirilaren 17an.
“7 urte” euskaraz estreinatuko dute
Agurtzane Intxaurragak film eta antzezlanaren egokitzapena egin du, eta gaur emango dute lehenengoz, Basaurin, Kandido Uranga, Jon Olivares, Iñigo Gastesi, Dorleta Urretabizkaia eta Aitor Beltran aktoreek.
"Kandida" Patxo Telleriaren antzezlana estreinatuko dute, Bilbon
Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez dira Arriaga antzokian otsailaren 3an estreinatuko den euskarazko ekoizpenaren protagonistak.