"Antzerkiak galderak egin behar dizkigu, astindu, axolagabe ez utzi, eta 'Altsasu'k hori egiten du"
Zer gehiago esan daiteke Koxka Altsasuko tabernaren kanpoaldean 2016ko urriaren 15ean gertatu zirenei buruz eta jazoera horien tratamendu, erabilera eta ondorioei buruz? Bada, esan diren baino askoz gauza gehiago esan daitezke eta esan behar dira, artetik ere bai, horren zeregina gure errealitatearen alde ezezagunak aditzera ematea bada (eta bada). Zauriei ez ikusiarena egiten diegunean, zornatu egiten dira, mina eta bidegabekeria darie. Horren jakitun egon beharko ginen honezkero.
María Goiricelaya bilbotar aktore, antzerkigile eta eszena zuzendariak (Ama Kuraia / Madre Coraje; Yerma…) oholtzara eraman du orain gure historia hurbileko gertakari hura, Altsasu antzezlanean, "zaurien jarioa gelditzeko, barkamenaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko" asmoz idatzitako obran.
Altsasu-n Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez, Aitor Borobia eta Ane Pikaza aktoreek lan egiten dute, eta Arriaga antzokian estreinatuko dute, Bilbon, urriaren 28an euskaraz eta biharamunean, hilaren 29an, gaztelaniaz.
Goiricelayarekin mintzatu gara, antzezlanari buruz.
Zergatik oholtzaratu 2016an Altsasun gertatutakoa? Zer bulkada edo hausnarketa dago antzezlan honen atzean?
Altsasu sortzeko ideia "Cicatrizar" proiektuaren baitan piztu zen, Nuevo Teatro Fronterizo Estatuko dramaturgia laborategi garrantzitsuenetako baten barruan. Nazioarteko proiektu horren baitan otu zitzaidan Altsasu istorio ona izan zitekeela agertokietara eramateko, Euskal Herriko "orbainei" buruz hitz egite aldera.
Hori da ernamuina; antzerkiaren bidez memoriak orainean daukan papera aztertzeko nahia, zaurien jarioa gelditzeko borondatea, barkamenaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz, azken batean gure etorkizunaz, hitz egiteko gogoa.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua, idazteari ekiteko?
Prozesu luzea izan da. Ideia hau 2018an sortu zen, auziaren inguruan gero egin diren telesail eta dokumentalen aurretik.
Antzerkigintzan, denborak ezberdinak dira, eta idazteko prozesuak urtebete inguru iraun zuen. Denbora horretan, denetariko informazioarekin lan egin nuen: albisteak, irudiak, argitalpenak, liburuak eta, noski, epaiketaren transkripzioa.
Erronka handia izan da datuak biltzea, gertakariak berritzea, beste batzuk asmatzea… eta horri guztia behar zuen forma ematea, agertokian kontatzeko moduko pieza bat izan zedin.
Zer muga ezartzen dizkizu sortzeko benetako gertakari oso labainak erabiltzeak? Zerk zuritzen ditu gertakarien inguruko lizentziak, halakorik balego?
Lizentziak badaude, noski. Ikuskizuna auzian oinarrituta dago eta antzerki dokumentaletik edaten du, baina Altsasun 2016ko urriaren 15ean jazotako gertakarietan oinarritutako fikzioa da.
Protagonista guztiei ahotsa emateko erabili ditugu lizentziak, nahasitako alde bakoitzaren mina erakusteko eta publikoari enpatia ariketa bat proposatzeko, errealitate ezberdinetatik abiatuta. Niretzat afera azaltzea zen garrantzitsuena, horren problematika etiko, filosofiko, juridiko eta psikologikoa erakustea. Hori da "orbaintzea": pertsona bakoitzak bizi duenari buruz askatasunez hitz egin ahal izatea eta eztabaida askerako gune bat sortzea.
Jakina, sortzeko beharkizunen artean beti egon dira gaia errespetu eta zorroztasun osoz lantzea eta jazoerak antzerkiaren mintzairara egokitzea. Hemen ez dago ikus-entzunezkoetan dauden adina baliabide; jolasa beste bat da, poetika beste bat eta gertakari hauei aurre egiteko modua ere bai.
Zer ikusle izan duzu gogoan istorioa idazteko orduan. Jendeak oso ezaguera maila ezberdina du gertakari horien inguruan, eta uste dut hil edo bizikoa izango dela norentzat ari zaren zehaztea, testua testuinguru sakonago edo azalekoagoaz janztea erabakitzeko…
Ikusle kritikoa dut buruan, gizartearekin konpromisoa duena. Gure gizartea hobea eta gure mundua bidezkoagoa izan daitekeela uste duten pertsonak. Iritzi partikularretan edo gertakari polarizatuan gelditzen ez diren pertsonak, ezpada ikuskizuna etorkizunerako begirada sendagarri batetik ikusteko gai direnak.
Zer aurkituko du ikusleak agertoki gainean? Zer baliabide erabili dituzu istorioa kontatzeko?
Justizia erdigunean jartzen duen eta berorren esanahia eta funtzionamendua ezbaian jartzen duen ikuskizuna aurkituko du, eta inoiz gertatu behar ez zuen istorio bat kontatzeko pertsona asko izatera jolasten diren lau aktore ere topatuko ditu.
Agertoki gainean, ez da ia ezer egongo eta, paradoxikoki, denetarik egongo da. Irria, beldurra, haserrea, malkoak, musuak, besarkadak… Gure izaera politiko edo ideologikoaz haraindi berdin egiten gaituen hori guztia dago; gizaki egiten gaituen hori guztia.
Zer etorkizun opa eta aurreikusten diozu antzezlanari?
Toki askotan ikusi ahal izatea nahiko nuke: hemen, Euskal Herrian, bira eder bat itxita daukagun tokian, eta, noski, gure mugez haraindian.
Nire ustez, antzerkiak galderak egin behar dizkigu, astindu, axolagabe ez utzi, eta Altsasu-k hori egiten du. Zuzen-zuzenean zuzentzen zaigu, eta pentsatzera, hitz egitera eta niretzat gizarte batean hil edo bizikoa den zerbaitetara bultzatzen gaitu: aurrez aurre daukagun beste pertsona horrengan pentsatzera.
Zure interesekoa izan daiteke
Antzerkia eta dantza asko, dFERIAko 31 ikuskizunetan
Arte eszenikoen Donostiako azokaren 32. edizioko eskaintzaren % 15 izango da euskaraz. Tanttaka Teatroak 'desobedienteak 18/98' auziari buruzko antzezlana aurkeztuko du martxoaren 15ean.
Arriagak kontzertua eta antzerki ibilbideak eskainiko dizkio izena eman zion konpositoreari
2026ko urtarrilaren 17an Juan Crisostomo de Arriaga konpositorearen heriotza goiztiarraren (19 urte zituela hil zen) 200 urte beteko direla eta, haren izena daraman Bilboko antzokiak proposamen bikoitza egingo du. Urtarrilaren 17an, La Ritirata Josetxu Obregón bilbotar musikariak zuzendutako orkestrak Arriaga y el eco de su tiempo kontzertua eskainiko du, eta urtarrilaren 10ean eta 24an, eta otsailaren 1ean, goizez, Koldo Olabarrik eta Ainhoa Etxebarria aktoreek prestatutako antzerki ibilbideak izango dira. Kontzerturako sarrerak 26 eta 52 euro bitarteko prezioan eros daitezke, eta ibilbideetakoak 15 euroan.
"Muro de piedra" antzezlanak inauguratuko du Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren espazio berria, Bilbon
Bilboko udal antzoki berrian ikusiko den lehen antzezlana "oroitzapen baten historia da". Torremolinoseko Pasaje Begoña kalezulo txikian, polizia-sarekada masibo bat egin zuten errepresio frankistatik ezkutuan askatasunez bizitzen saiatzen ari zirenen kontra, 1971an. Markel Hernandezen testua Aritz Castillok, Nora Urdanpilletak, Nerea Sanzek, Pino de Pablosek, Markel Urrestarazuk eta Arnatz Puertasek zuzendu, sortu eta interpretatu dute, talde lanean. Guk Sanzekin eta Castillorekin hitz egin dugu. Emanaldiak azaroaren 6tik 23ra egingo dituzte, ostegunetik igandera.
“Dena egiteke dago”tik “Dena eginda dago”ra arteko tentsioan mugituko da “Ikimilikiliklik Vol.2” lan berria
Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, Loraldia festibalaren ikuskizun berriak Laboa, Artze anaien eta Zumetaren jatorrizko lanaren espiritu esperimental eta abangoardiazkoa berpiztu nahi du musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoen bidez.
Ximun Fuchs: "Arkeologia antzerkiaren metafora da, arrasto humanoekin istorioak kontatzen ditugu"
Artedrama eta Axut konpainiek "Nor naizen baneki" antzezlana estreinatuko dute ostiral honetan, urriak 17, Luhuson. Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzi dute, eta azken horrek zuzendu du. "Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?", galdetzen dute antzezlanaren arduradunek.
Calixto Bieitok bere Rikardo III. "itxuragabe eta makiavelikoa" erakutsiko du Arriagan
Arriaga Antzokiak "La maldad de Ricardo III" antzezlana taularatuko du, Joaquín Furriel protagonista duen lana.
"The Rocky Horror Show" musikala, Arriagan
Richard O'Brienen musikala Londreseko ekoizpenarekin iritsiko da Bilbora, jatorrizko bertsioan, euskarazko eta gaztelaniazko gainidatziekin. Urriaren 8tik 12ra izango da ikusgai.
Lauza horiko bidea Bilbora iritsi da
Euskalduna Bilbaok Andrew Lloyd Webberren musikalaren bertsio berri bat aurkeztuko du, abenduaren 23tik aurrera. Urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai.
Pabellon 6 bota eta berritu aurreko azken emanaldia egin dute
14 urteren ondoren eta 2.200 ikuskizun ingururen ostean, Bilboko Pabellon 6 antzokia bota egingo dute, baina berreraikitzeko izango da. Urriaren 5ean, igandean, eskaini dute azken emanaldia. Bertan sarritan antzeztutako Ay, Carmela lana aukeratu dute etapa bati agur esateko.
Ados Teatroak bakardadeari helduko dio “52 hertz” antzezlan berrian
Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak gizarte isolamenduari buruz idatzi duten lana urriaren 3an eta 4an, euskaraz, eta urriaren 5ean, gaztelaniaz, taularatuko dute estreinakoz.