Euskal arte eszenikoak esku hutsik irten dira Gayarretik
Autoreen eta Editoreen Espainiako Elkarte Orokorrak bart banatu ditu Max arte eszenikoen sariak, Iruñean. Euskal konpainia eta artistek saria irabazteko sei aukera zituzten guztira (Marie de Jongh konpainia Haur, Gazte edo Familientzako Ikuskizun Onenaren Saria eta Jantzien Diseinu Onenaren Saria, "Mr. Bo" lanagatik; Tanttaka Teatroa Antzerki Ikuskizun Onenaren eta Emakumezko Aktore Onenaren saria -Aitziber Garmendia- "Del color de la leche/Esnearen kolorekoa" lanagatik; Kukai Dantza Kale Ikuskizun Onenaren saria "Euskorleans" lanagatik; eta Jose Luis Raymond Espazio Eszeniko Onenaren saria, "Un monstruo viene a verme" obrarako egin duen lanagatik), baina gure ordezkarietako batek ere ez du saririk jaso.
Dantzaren diziplinak lortu du erabateko protagonismoa Espainiako Estatuko arte ezenikoen gauean: Afanador Espainiako Ballet Nazionalaren ikuskizunak bost sari eskuratu ditu, eta Natural order of things dantza garaikideko ikuskizunak beste hiru.
Zaleentzako edo gizarte arloko ohorezko Max saria, hori bai, Ignacio Arangurenek eta Vicente Galbetek jaso dute, iragarrita zegoenez, Navarro Villoslada Bigarren Hizkuntzako Iruñeko Institutuko antzerki irakasle gisara egin duten bideagatik.
Euskara entzun da Iruñeko galan, baita Palestinaren aldeko mezuak ere, eta, besteak beste, Gorka Urbizu eta Aurora Beltran aritu dira oholtzan kantuan.