Magia egiten
Magia hitza ahituegi ote dagoen irakurri dut duela ez hainbeste. Edozer ei da magiko egunotan. Eta aitor dut, neuk ere sarri darabildala. Akaso berba hoberik ezean; baina baita, pixka bat urrunduz gero, herri honetan egiten diren zenbat gauza askok daukaten liluraz ohartuta.
Juanjo Respaldizak esan zidan lehen aldiz, oker ez banago, euskaltegiren batean bertsoari buruzko eskola praktikoren bat eman genuenean Getxo aldean: bertsoa azaldu bai, teknikaren berri eman bai, mekanika erakutsi, ados, baina ez biluztu den-dena, erakutsi bertsoak baduela magiatik ere .
Azken urteotan etxetik urrun samar ibili naiz gure miseriak eta balentriak azaltzen Euskal PENen eskutik. Bost kontinenteetako poeta, kazetari eta hitzaren bestelako artistekin bildu naiz Kolonbiatik Koreara eta Islandiatik Kirgizistanera. Eta sinets iezadazue, uste dut asmatu dugula gure aurkako erasoak salatzen, eta garenaren lilura saltzen. Gurean, magikoetan magiko, Korrika iruditu zait beti, berbaz azaltzeko zailenetarik. Zer den hizkuntza egur zati batean eramaten ari garela irudikatzea, eta denok arineketan atzetik, presa baitu euskarak. Magia ikastolak dira, halaber. Jon Sarasuak ez dakit magia deitzen dion, baina aipatzen du herri honen antolatzeko gaitasuna. Fermin Muguruzak ere esaten zuen, gutxi gora behera, kubatarrak konponketan ibili ohi diren legez ibiltzen garela euskaldunok antolaketan.
Eta magia BECen egiten dugu lau urterik behin. Baina ez gaude lau urte horien zain. Nire une magikoa ostegunetan daukat duela mende laurdenetik, Santutxun magia egiteko biltzen garenean, eta bertso batean Angela Merkel garenean, hurrengoan hondartzako ligoia eta azkenengoan hiruzpalau laguni barrea ateratzen diegunean auzoko txutxu-mutxu errimatuekin.
Hamahiru afaltiar edo hamahiru mila entzule, hitzaren eztanda da dena mugiarazten duena. Ez dakit Durangoko berbaz jantziko den txapela, Bidasoaldeko mintzoz, Goierriko hitze bilatuko duen ala Beterriko hitza. Datorren urtean Asiara eta Balkanetara eramango dugu ele hori, euskaraz eta ingelesez, Euskal PENetik. Finalera hainbat herritatik etortzen diren ikerle eta antropologo eta soziologoak ikusita, beti pentsatzen dut gustura ekarriko nituzkeen idazle, hizkuntzalari, artista kurduez, katalanez, irlandarrez, baleazaleen istorioetatik hurbildu zaizkigun kanadarrez edo bertsoaren liluraz galdetu zidan islandiar poeta hartaz. Ez dira etorriko. Bilboko gure portaleko 3Ckoa etorriko ez den gisan.
3Cko harengana hurbiltzeko ahalegina egin genuen 2005ean, Barakaldora lehengoz etorri ginen hartan. Astero-astero kanporaketak komentatu nituen espainieraz Radio Euskadin Loreto Larunbe eta Felix Linaresekin, bateko pie forzado, besteko competencia, eta osteko octava mayor. Oraindik ez dugu BECera ekarri ziur aski, ez sarrera barik gelditu delako. Baina beste inoiz ez bezala, argi ikusiko du etxe ondoan magia egiten dugula. Euskaratik eta euskaraz.
Zure interesekoa izan daiteke
Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako Oiongo saioa
Txapelketako lehen saioa irabazita, finalaurrekoetarako pase zuzena eskuratu du gasteizko bertsolariak. Hurrengo saioa otsailaren 15ean izango da Laudioko Kasinoan, 17:30ean.
Arabako Bertsolari Txapelketa, abiatzear
Arabako txapelketaren XVII. edizioko lehen saioa Oionen egingo dute, larunbatean. Aroa Arrizubietak, Felipe Zelaietak, Iñaki Viñasprek, Martin Abarrategik, Sabin Abarrategik eta Unai Andak kantatuko dute.
Euskarak biziraun dezan lan egin duten guztiei eskaini die azken agurra Maddi Ane Txoperenak
Bizkarsoro filmari erreferentzia egin, eta euskararen kontra aritu direnen aurrean altxatu direnak izan ditu gogoan Maddi Ane Txoperenak, Donibane Lohizuneko Jai Alain.
Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Maddalen Arzallusekin jokatu du azken buruz burukoa, eta, azkenean, Txoperena gailendu da finalean. 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dute parte.
Sei bertsolari, Xilabako finalerako prest
Gaur jokatuko da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako finala, Donibane Lohizuneko Jai Alain. Maialen Hiribarrenek jarriko dio txapela bost emakumek eta gizon batek osatuko duten seikoteko bertsolari irabazleari: Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Irantzu Idoate Funosas, Maddalen Arzallus Antia, Aitor Servier Etxexuri eta Elixabet Etxandi Goienetxe. 17:00etatik aurrera izango da ikusgai, zuzenean, Orain.eus atarian.
Otsailaren 7an hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa, 18 bertsolarirekin
Martxoaren 28an jokatuko den finalerako sei txartelak eskuratzeko, bi fasetan lehiatuko dira bertsolari arabarrak, eta guztira bost saio eta finala izango dira.
Osatu da Xilaba bertsolari txapelketaren finala jokatuko duen seikotea
Larunbateko saioa irabazita, Maddi Ane Txoperenak eskuratu du finalerako txartela, Aitor Servier eta Irantzu Idoaterekin batera. Finala hilaren 31n jokatuko dute, Donibane Lohizunen.
Miren Artetxe gailendu da Xilaba Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan eta zuzenean sailkatu da finalerako
Baigorrin jokatu den final aitzinetakoan Maddalen Arzallus izan da bigarrena. Datorren larunbatean Bardozen jokatuko da Ipar Euskal Herriko Bertsolari txapelketaren bigarren final aitzinekoa.
Patxi Etxeberria bertsolaria zendu da, 95 urte zituela
Bertsolari oriotarra ia 60 urtez aritu izan da oholtzaz oholtza eta plazaz plaza bertsotan.
Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Onintza Enbeita izan du lehiakide buruz burukoan, eta puntu erdiko aldea izan da bien artean: 1.163 puntu jaso ditu lehen sailkatuak eta 1.162,5 bigarrenak. Bizkaiko laugarren finala zuen gaurkoa bertsolari gernikarrak.