Osatu da Xilaba bertsolari txapelketaren finala jokatuko duen seikotea
Larunbateko saioa irabazita, Maddi Ane Txoperenak eskuratu du finalerako txartela, Aitor Servier eta Irantzu Idoaterekin batera. Finala hilaren 31n jokatuko dute, Donibane Lohizunen.
Osatu da Xilaba Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Txapelketaren finala jokatuko duten sei bertsolarien zerrenda: Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas eta Elixabet Etxandi Goienetxe.
Finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Jai Alain, 17:00etan, eta sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus webgunean.
Atzo Bardozen jokatutako bigarren eta azken finalaurrekoarekin osatu da finalean arituko den seikotea. Maddi Anne Txoperena Iribarren gailundu zen atzokoan, 562 puntu jasota, eta bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren Aitor Servier Etxexuri (546,5 puntu) eta Irantzu Idoate Funosas (539 puntu).
Hala, hiru horiek gehitu zaizkie aurreko finalaurrekoan Donibane Lohizunerako txartela lortu zuten Miren Artetxe Sarasolari, Maddalen Arzallus Antiari eta Elixabet Etxandi Goienetxeri.
Finalerako sarrerak online agortu ezean, finalaren aurretik, 16:00etan, Jai Alai frontoiko txarteldegian izango dira salgai saltzeko falta direnak.