"Bar Gloria" mailegatu zen iaz gehien, EAEko liburutegi publikoetan
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek 2.740.425 mailegu egin zituzten iaz guztira, horietako 2.618.524 paperezko liburuenak. Sareak 976.465 lagun batzen ditu, eta 42.000 erabiltzaile berrik baino gehiagok eman zuten izena iaz.
Euskaraz, Bar Gloria Nerea Ibarzabalen eleberria mailegatu zen gehien, eta Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez) eta Azken etxea (Arantxa Urretabizkaia) horren ondoren. Gaztelaniazkoei dagokienez, Esperando al diluvio (Dolores Redondo), El ladrón de rostros (Ibon Martin) eta El cuco de cristal (Javier Castillo) laga dituzte gehien.
Gaur egun Euskadiko Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.899.917 ale biltzen ditu.
Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, bestetik, 121.901 mailegu egin zituen iaz; gaur egun, 65.686 pertsona daude eLiburutegian izena emanda.