Voltaia: 'Natural ateratzen zaizkigu kantuak'
"Erortzen" bere hirugarren lanean, haize berriei ireki die atea Voltaia zumaiar hirukoteak. Batetik, taldekide aldaketa egon da, Pablo Sanchezek Jon Duranen tokia hartu baitu danborren atzean, eta, bestetik, haize melodiko berriekin zipriztindu dituzte beren stoner doinuak.
Diskoaren izenburua daraman abesti biribilak zabaltzen duen lana Eñaut Gaztañaga teknikariarekin grabatu dute Gaztain Zestoako estudioan, eta taldekideekin egoteko aitzakia jarri digu Erortzen diskoak.
‘Medusa’ atera eta bi urtera kaleratu duzue ‘Erortzen’. Nola landu duzue?
Ion Brakamonte (gitarra eta ahotsa): Gu beti ari gara kantu berriak egiten, eta bospasei abesti berri pilatutakoan hariak mugitzen hasten gara, batekin edo bestearekin hitz egiten. Gainera, atsegin dugu grabazioa hasteko data bat jartzea, geure buruari presio apur bat sartzeko.
Hobeto egiten duzue lan presiopean?
Pablo Sanchez (bateria): Bai, data zehaztu nahi izaten dugu. Gainera, presa apur batekin ibili ezean, hasieran konposatutako hainbat kantu zahartuta gelditzeko, freskotasuna galtzeko, arriskua izaten da.
Gaztain estudioan grabatu duzue berriz, Eñaut Gaztañaga Griseseko kidearekin batera, eta ekoizpen garbi samarrera jo duzue beraren eskutik. Nola egin duzue lan?
Unai Eizagirre (baxua): Bai, aldaketa pixka bat egon da "Medusa"tik hona, bai kantuak bai grabatzeko modua ezberdinak izan dira disko honetarako.
Ion: Kantuak hor zeuden, baina berak nortasuna eman die, eta meritu handia dauka. Aurreko lanean, zurrunagoak izan ginen, baina oraingoan utzi diogu gauza batzuk bere kabuz egiten, eta pozik gelditu gara emaitzarekin. Soinu ezberdina nahi genuen.
Argazkia: Unai Huizi.
Pablo Sanchezek Jon Duranen tokia hartu du baterian, disko honetarako. Zer ekarri dio aldaketak taldearen soinuari?
Unai: Nire ustez, freskotasun puntu bat ekarri dio taldeari. Gainera, berak ere konposatzen ditu kantuak, eta bere ideiak ere hartu ditugu kontuan diskorako. Bestalde, Pablo ezkerra da, eta horrek ere ukitu exotikoa ematen digu (kar, kar).
Ahotsen tratamendu berezia igartzen da diskoan, koro aberatsen harmonietan-eta ("Dekadentzi ritmiko", "Zure bila", "Ixilik nago"…). Nola landu dituzue ahotsak?
Ion: Taldearekin hasi ginenean, abesteko gutxienekoa nekien, eta ikasten joan naiz. Gainera, aurreko diskoarekin ere, Eñautek ahotsa sartzeko hainbat modu irakatsi zizkidan, eta oraingoan kantuak lantzen ari ginela otu zitzaigun guztia grabatu dugu.
Azkenean, kantu batzuetan bost ahots ezberdin ere sartu ditugu. Asko landu ditugu ahotsak.
Stonerretik abiatuta, melodiari toki handiagoa egin diozue disko berri honetan, "Erortzen" diskoa zabaltzen duen kantu itsaskorretik bertatik ikus daitekeenez. Zerbait kontzientea izan da?
Ion: Melodia nagusiak zehaztuta nituen, esaterako. Kantua sortzen dugunetik, nahiko argi izaten ditugu, baina gero estudioan aberastu egin ditugu, Eñautekin.
Unai: Egia da konposatzen hasi ginenetik aurreko diskoetatik ezberdintzeko ahalegina egin dugula.
Aurrekoetan bezala, autoekoizpenera jo duzue. Industriaren diagnostikorik egin duzue lehenengo? Zer ondorio atera dituzue?
Unai: Ez, oraingo honetan ez dugu diskoetxeekin hitz egin. Aurrekoarekin bai saiatu ginen, baina oraingoan ez.
Pablo: Garbi geneukan honela aterako genuela. Autoekoizpenak gauzak zeure modura egiteko askatasuna ematen dizu. Born to Bingo management etxearekin gaude, eta nik uste gaur egun horrekin nahikoa dela mugitzeko.
Ion: Diskoetxeak eduki lezake balioa modan dagoen zerbaiterako, baina esango nuke underground-ean gabiltzanontzat gaur egun ez direla ezinbestekoak.
Jatorri musikala argia izanik (Queens of the Stone Age, Kyuss, Fu Manchu), beste eragin batzuek zuen musikan bide berriak zabaldu dituztela ematen du ("Amets gaiztoa"). Zer musika entzuten duzue?
Ion: Denetarik entzuten dugu, beti entzun dugu denetarik.
Pablo: Konposatzeko garaian, gainera, ez gara bideratuta egoten, ez dugu pentsatzen "Queens of the Stone Ageren antzeko kantu bat egin behar dugu". Natural ateratzen zaizkigu kantuak.
Ion: Ez genion disko osoan ildo berari jarraitu nahi, ezberdintasun pixka bat sartu nahi genuen, monotono edo aspergarri gelditu ez zedin.
Stoner doinuek oniritzi zabala dute rock eszenan. Estilo horretako taldeei dagokienez, zer moduz ikusten duzue panorama Euskal Herrian?
Ion: Orain, ematen du gazte jendea horretan ari dela: Rodeo zestoarrak daude; Trini Fox azkoitiarrak; Tutan Come On; Fetitxe, Bizkaian… Badago mugimendua.
Zer erronka dituzue aurrean, "Erortzen" diskoa kalean dagoela?
Ion: Gure asmoa kontzertuak jo eta gure artean disfrutatzea da, beti bezala.
Unai: Gure musika zabaldu, jendea ezagutu eta ondo pasatu nahi dugu.
Pablo: Ahalik eta baldintza onenetan jo nahi dugu, eta ematen du Euskal Herritik ateratzeko aukeraren bat ere badagoela hortik.
Hauek dira Voltaia zuzenean ikusteko hurrengo aukerak:
Apirilak 14 Pagoa, Oiartzun
Apirilak 20 Txosnak, Lazkao
Ekainak 10 San Agustin, Azpeitia
Irailak 1 Arbez auzoko jaiak, Irun
Zure interesekoa izan daiteke
Bilbao All Star Blues Band, Travellin’ Brothers eta The Cherry Boppers, Bilbao Blues Festivalen
Festibalaren bosgarren edizioan Bilbao All Star Blues Band taldeak joko du, jaialdirako propio sortua eta Bob Stroger baxu-jotzaileak eta Willie Buck abeslariak osatzen dutena, besteak beste.
Gure Ahotsak zikloak Clara Peya, La Tremendita, Chica Sobresalto, Mirua eta Neomaken kontzertuak eskainiko ditu
Emanaldi errenkadak emakume musikarien kontzertuak antolatu ditu berriz Donostian, martxoaren 3tik 7ra.
ETS, Nøgen, Hofe, Danielle Nicole eta Ibibio Sound Machine, Zurriolan Jazzaldian
Donostiako 61. Jazzaldian Zurriolako hondartzan, Keler Gunean, doako kontzertuak eskainiko dituzten talde eta artisten izenak iragarri dituzte. Uztailaren 22tik 25era, zortzi kontzertu izango dira.
Bryan Adamsek BECen joko du azaroaren 13an, "Roll With The Punches 2026" biraren barruan
Sarrerak martxoaren 6an, 10:00etan, jarriko dira salgai, 43 eurotik aurrera harmailetan eta 62 eurotik aurrera pistan.
Leire Martinez kartelera batu du Bigsound Barakaldo jaialdiak
Gipuzkoar kantaria uztailaren 3an eta 4an Barakaldon egingo duten jaialdian arituko da, Myke Towers, Lola Índigo, Juan Magan, Omar Montes, Inazio eta Ben Yartekin batera.
Ruben Bladesek Gasteizko jazz jaialdian joko du
Panamar musikaria uztailaren 17an arituko da, Mendizorrotzan, 20 musikariko big band batek lagunduta.
Janus Lesterrek disko eta bira berriak iragarri ditu
2026ko abenduan aurkeztuko du musikari nafarrak disko berria, Euskalduna Jauregian (hilak 19) eta Donostiako Kursaalen (hilak 26).
Mari Puri Herrerok egin du Musika Hamabostaldiko kartela
Musika jaialdiaren 87. edizioa abuztuaren 2tik 30era egingo dute, eta bilbotar artista arduratu da horren irudia diseinatzeaz. Juan Diego Florez perutar tenorraren kontzetu batek inauguratuko du jaialdia.
132 kantari amateurrek osaturiko abesbatza, Euskadiko Orkestrarekin entseatzen
Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren bigarren edizioa bide erdira iritsi da, eta dagoeneko egin dute herritarren abesbatza prestatzeko hamar entseguetako seigarrena. Bi hilabetez, asteazkenero, 600 hautagairen artetik zozketa bidez aukeratutako 132 abeslari ez-profesional ari dira lanean, Euskadiko Orkestrarekin batera oholtzara igotzeko.
Bilbao Blues Festival jaialdiak Travellin’ Brothers sarituko du bosgarren edizioan
Jaialdiak doako hamar kontzertu eskainiko ditu uztailaren 24 eta 26an, Areatza inguruan. Leioaztar taldeak jaialdiaren ohorezko txapela jasoko du.