Vetusta Morla: 'Musika da guztiaren iturburua'
Mismo sitio, distinto lugar Vetusta Morla taldearen disko berria mugimenduaren aldeko manifestua da, etengabe ikastearen eta nork bere burua noiznahi berrosatzearen aldeko oda, nola planteamenduan hala emaitzan. Bidaia berrian, taldeak kontra egin dio inertziari, eta lan egiteko bere modua irauli du, nortasun berri baten bila. Hala ere, eboluzio gose horrexek zehazten du, hain zuzen ere, seikotearen nortasuna.
Madrildarrek bere egin dute Guille Galvan taldeko gitarristak Retrovisores (Bandaàparte Editores, 2015) bere poema liburuan zirriborratzen zuen filosofia: barneratu dute bidea dela helmuga, azken finean, “aztarnak berak direla altxorra”, bidea dela helburua.
Mismo sitio, distinto lugar diskoan, zurruntasunari eta automatismoei itzuri egin dio taldeak, eta, herri musikatik rock elektronikoraino, taldearen unibertso musikal ugaria biltzen duten hamar kantatan zabaldu dituzte beren doinuak. Zenbaitetan, “La vieja escuela” soiltasun eztia eta rockaren epika uztartzen dituen kantu biribilean bezala, kantu berean gorpuzten da amalgama hori, entzule ernearen gozagarri.
Hitz landuetan, ugari dira taldeak bere buruari egindako erreferentziak eta bidaiarekiko konpromiso militantearen aipamenak, eta abiapuntu eta helmuga erlatiboz, mugarriz, gainezka daude kantuak.
David el Indio bateriarekin hitz egin dugu, erritmo aberatsen bidez Vetusta Morlaren kantuak nola edertzeko hala inarrosteko arduradunarekin.
Zein tokitan zegoen Vetusta Morla La deriva diskoaren zikloa bukatutakoan eta non dago orain, Mismo sitio, distinto lugar kaleratu eta zuzenean aurkezten hasita?
La Deriva-ren kanpainan zehar taldea asko hazi, alderdi askotan, eta guk, musikari gisa ez ezik, Pequeño Salto Mortal gure diskoetxean ere lan egiten dugu.
Zereginak handitzen eta biderkatzen zihoazenez, saturazio puntu bat izan genuen biran ari ginela, eta berrabiarazi egin behar genuela sentitzen genuen, urte asko baikeneramatzan topera, lehen diskoa kaleratu genuenetik. Ziklo bat ixten ari zela uste genuen, eta gure bizimoduak ere aldatzen zihoazen, batzuek familia ere badugu…
Batzen gintuzten eta duela hogei urte jotzen hasi ginenetik batu gaituzten gauza horiek guztiak hurbil sentitu nahi genituen berriro. Eta, orduan, disko berriko kantuak konposatzen hasi ginenean, lan egiteko gure modua aztertu genuen. Ez genekien nora iritsi nahi genuen, baina gauzak egiteko modua aldatu nahi genuen: beti batera jotzen ari diren sei musikari izan beharra atzean utzi, eta gauza berriak probatzen hasi.
Kantu berrietan lanean hasi ginen, eta Campi Campon (Jorge Drexler, Natalia Lafourcade) ekoizlekidearekin lanean hasi ginen. Horrek bidea egiten lagundu digu.
Argazkia: Jerónimo Álvarez
Bide berri horretan, diskoa Hansa Berlingo estudioetan grabatzea erabaki zenuten, David Bowiek, Nick Cavek, Depeche Modek eta U2k –Achtung baby taldearen ibilbidean, zuek nahi zenuten bezala, mugarria ezarri zuen disko bat grabatu zuten bertan irlandarrek– bezala. Zer ekarri zion hautaketa horrek behin betiko emaitzari?
Maila teknikoan baino gehiago, emozioen mailan izan zuen eragina. Madrildik eta Espainiatik irten nahi genuen, arreta guztia diskoaren grabazioan jartzeko.
Eskura genituen aukeren artean, Berlingoa zegoen, eta estudioa libre zegoen egun horietarako. Ideia ona iruditu zitzaigun, esan duzun bezala, hainbat artista handik beren ibilbidean koska bat igotzeko aukeratu zuten estudio berera jotzea.
Gainera, oso ezberdinak diren toki askok egin dute bat Berlinen, hiriaren historian, XX. mendean batik bat.
Estudioa lantoki gisa ere erabili dugu oraingoan, entsegu lokalaren jarraipen moduko bat bezala. Aurreko diskoetan, entsegu lokalean landu eta prestatu ditugun bezala grabatu ditugu kantuak, baina oraingoan estudioan bertan probatu, sortu eta asmatu ditugu hainbat gauza.
Diskoari izena ematen dion kantuaren moldaketa, adibidez, estudioan bertan zehaztu genuen, lokaletik eraman genuenak ez baitzuen erabat funtzionatu. Hori berria zen guretzat, eta duda-mudak sortu zizkigun, ordura arte izan ez genuen bertigo sentipen bat.
“La vieja escuela” kantuan, diskoko gogoangarrienetako batean, musikako izen handien galera hartzen duzue hizpide, hain zuzen ere: The Doors, The Clash, Bowie bera... Badago inor erreferente horien lekukoa hartzeko edo rockak herri kulturan behinola izan zuen pisu galdu baten arrastoa dira?
Nire ustez, azken urteetan dena ari da aldatzen. Errotiko aldaketa bat bizitzen ari gara komunikatzeko moduan eta giza harremanetan, eta, noski, musika ere ari da aldatzen: musika egiteko modua, interpretatzeko modua eta musika jasotzeko erabiltzen ditugun kanalak.
Lehen ari ginen horretaz hizketan, zer gertatuko ote den. Jendeak gehien entzuten duen musika estudioetan sortu eta garatuta dago, gailu elektronikoak erabiliz, eta batzuetan pentsalari bakarraren lana da. Badirudi bat-batean ez dugula horrenbeste musikaririk behar kantuak interpretatzeko, askotan benetako musika tresnarik ere ez baita entzuten.
Gizakiak betidanik gauzatu duen oinarrizko egintza musikala ere, “nik jo egingo dut eta zuk entzun”, ez da dagoneko berdin gertatzen, baizik eta gailu teknologikoen bidez. Ikuskizun da nora joko duen honek denak.
Iduri du rocka eta taldeek egindako musika bigarren maila batean dagoela egun, nahiz eta gu, bitartean, arrakasta oso handia izaten ari garen. Baliteke etorkizunean bi ereduek elkarrekin bizitzen jarraitzea. Ikusiko dugu.
Argazkia: Jerónimo Álvarez
Behin diskoa grabatuta, nondik hasten da horrelako bira handi bat eraikitzen?
Lehenengo eta behin, errepertorioa prestatzen dugu, musika da guztiaren iturburua. Hori egin eta gero, eszenografoarekin biltzen gara, honek diskoa entzundakoan, grabazioa amaitu eta berehala entzuten baitu berak: kantuak entzuten ditu, hitzak irakurtzen ditu, artea ikusten du… Horrek zuzenean egin dezakegunaren arrastoan jartzen gaitu.
Jarraian, proposamenak lantzen ditugu elkarrekin, eta bilerak egiten ditugu agertokian zer erakutsi nahi dugun zehazteko, argiak diseinatzeko… Eta adostasunak bilatzen ditugu, orain lortu ditugun eta Bilboko kontzertuan ikusiko dituzuen adostasunen modukoak, izan arte.
Errepertorioaz ari garela, disko berriko premisetako bat, hain zuzen, kantuak kontzertuetan pentsatu gabe konposatzea izan zen. Damutu zarete erabaki horretaz entseguei ekiteko orduan? (kar-kar)
Lan zail samarra izan da, egia esan. Diskoan soilik pentsatu genuen, ez kontzertuetan, eta kantuen atzetik abiatu ginen, konposizioa beraiek gidatzea nahi genuen, interesgarriak iruditzen zitzaizkigun tokietara iristeko.
Gero, egokitzapen lan oso handia egon da atzean kantuak prestatzeko, eta MIDI sistema bat erabili dugu diskoan grabatu genituen soinu guztiak eta kontzertuetan eskura ez ditugun tresnen doinuak zuzenekoetara eraman ahal izateko. Horrela, erdibidea topatu dugu diskoak gordetzen duenaren eta sei vetustamorlatarrok beti bezala elkarrekin joz lortzen dugun energia puntuaren artean.
Zer eman diote kantu berriek Vetusta Morlaren errepertorioari? Zer harrera izan dute, orain arteko kontzertuetan ikusitakoari begiratuta?
Uste dut elkarrekin jotzeko gure modura ekarrita, errepertorioko gainerako kantuetara gerturatu ditugula berriak, eta ez dute batere gaizki ematen kantu zerrendan.
Are gehiago, kantu zaharrei ere beste begirada bat egin ohi diegu. Batzuetan, gu beste puntu batean gaudenez gero, kantu zahar baten konponketak ez gaitu asetzen edo geurera ekarri nahi izaten dugu, disko berriko kantuekin hobeto uztartzeko. Hartara, horiek ere egokitzen ditugu, eta aldian aldiko unetik gertuago sentitzen ditugu horrela. Errepertorioari batasuna ematen dio ariketa horrek.
Harrera nahiko ona izan da. Beti bezala, hasieran igartzen da kantu berriak ez dituela horrenbeste jendek ezagutzen, baina kontzertuak ematen joan garen neurrian harrera ona dela ikusi dugu.
Vetusta Morla, larunbatean Madrilen. Argazkia: María Macías.
Talde gisa izan duzuen gorakadaren lekuko izan da Bilbo, batik bat Bilbao BBK Live jaialdiko kartelean egin duzuen goranzko bidearen bitartez. Nola egingo diozue aurre Guggenheimeko zabalguneko kontzertuari?
Lehen aipatu dizudan bezala, birako antolaketa osoa eramango dugu, eta niri ilusio berezia egiten dit horren toki sinbolikoan jotzeak, Guggenheimen ondoan eta Itsasadarraren ertzean. Smashing Pumpkinsen kontzertu mitiko bat dut gogoan, toki horretan bertan, 90eko hamarkadaren amaieran.
Irrikaz gaude, eta jendez mukuru egongo da; itzel, beraz.
Kontzertura bertaratzen den bakoitzak bertatik zer eramatea gustatuko litzaizuke?
Ez dakit. Horrelako galderen aurrean, beti irudikatzen dut neure burua oso gustuko nuen norbaiten kontzertura joaten nintzenean. Biharamunean, oroitzapenak izaten dituzu, apur bat zoriontsuago egiten zaituzten eta espiritua elikatzen dizuten irudi, soinu eta emozioak etortzen zaizkizu gogora.
Argazkia: Maria Macias
*Larunbatean, ekainak 30, 21:00etan irekiko dituzte Guggenheimeko zabalguneko ateak. 21:30ean, Alice Wonder artista gonbidatuaren kontzertua hasiko da, eta 22:30ean, Vetusta Morlarena
Albiste gehiago musika
Gipuzkoako Aldundiak Lourdes Iriondo abeslariari emango dio 2025eko Urrezko Domina
Sariaren helburua "Lourdes Iriondok euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean garatu zuen lan zabal eta berritzailea gaur egunera ekartzea eta justizia egitea da, bere ondareak lurraldeko historian merezi duen lekua izan dezan".
Estrella Morente, bart Getxon
Granadar kantariak kontzertua eskaini du bart Muxikebarri Getxoko aretoan, Getxo Folk jaialdiaren bigarren gauean. Igandean, Benito Lertxundi omenduko dute espazio berean.
Zetak taldeak Bilbon eskainiko duen bigarren ikuskizunerako sarrerak, agortzear
70.000 sarrera inguru saldu dituzte nafarrek bi egunean. Ekainaren 20ko emanaldikoak berehala agortu ziren, eta 19koak, agortzeko bidean dira.
Xabier Zeberio & Andrés Isasi Musika Eskolako Orkestra, Getxo Folk irekitzen
Xabier Zeberioren zuzendaritzapean, orkestrak jazza, euskal herri musika eta inprobisazioa uztartu ditu Bizkaiko jaialdiaren lehen egunean, "Pause" proiektuko kantuetan.
Zetak taldeak San Mameseko kontzerturako sarrera guztiak saldu ditu, eta bezperan ere joko du
Pello Reparaz buru duen taldeak Mitoaroa III ikuskizun distopikoa taularatuko du ekainaren 19an eta 20an Bilboko estadioan. Bihar, ostegunarekin, jarriko dira ekainaren 19rako sarrerak.
Pello Reparaz: "Jendea epel ez gelditzea zen asmoa, eta lortu dugu"
"Egun On" ETBko saioak elkarrizketa egin dio Pello Reparazi, Zetak-ek "Mitoaroa II" kontzertu errenkada amaitu eta biharamunean. Ekainaren 20an San Mamesen egingo duten ikuskizunari buruz ere hitz egin digu.
Rick Davies Supertrampeko abeslari eta konpositorea zendu da
Britainiar musikariak mieloma zuen duela hamar urtetik, eta 81 urte zituela hil da.
Lady Gaga, Mariah Carey, Sabrina Carpenter eta Ariana Grande, MTV Video Music Awardseko izar distiratsuenak
Ariana Grande pop abeslariak irabazi du MTV Video Music Awards sarietako sari nagusia, eta Lady Gagak eta Sabrina Carpenterrek jaso dituzte ohore handienak New Yorken, jarraitzaileen gogokoenen izarrez beteriko ospakizunean. Grandek urteko bideo onenaren saria irabazi du Brighter Days Ahead lanagatik, eta, ondorioz, jarraitzaileek bozkatutako sarietan gaueko saririk handiena jaso du. Mariah Careyk ibilbidearen saria jaso du, eta bideoklipak egitea zein dibertigarria den azaldu du.
Pello Reparaz: “2084an kokatuko da ‘Mitoaroa III’ ikuskizuna”
Zetak taldeak 2026ko ekainaren 20an eskainiko du San Mames futbol zelaian George Orwellen 1984 obran oinarritutako Mitoaroa III ikuskizuna, 2084an kokatuko den etorkizun distopikoa. “Apustuak, arriskua eta gauza ezberdinak bizitzeko aukera bat da Zetak”, nabarmendu du Reparazek, eta historia egiteko gogoz agertu da.
'Mitoaroa III' ikuskizuna San Mames futbol-zelaira iritsiko da 2026ko ekainaren 20an
Zetak taldeak Bilbo aukeratu du bere ikuskizun arrakastatsuaren hirugarren zatirako, Bizkaia euskal kulturaren erdigunean kokatuz.