Bilbao BBK Livek The Killers eta Pet Shop Boys berretsi ditu 2022rako
Gaur hasi behar zen Bilbao BBK Liveren 15. edizioa, baina bertan behera gelditu da, denok dakizkigun arrazoiak tarteko, eta 2022ko uztailaren 7, 8 eta 9an entzungo dira musika doinuak berriro Kobetamendin.
Gaur, musika jaialdiaren antolatzaileek dagoeneko 2021eko ediziorako iragarrita zeuden artista eta talde batzuk 2022ko kartelean izango direla iragarri dute: The Killers, Pet Shop Boys, Placebo, Bomba Estéreo, Caribou, BICEP live, Supergrass eta slowthai.
2021eko kartelean ziren gainerako artista guztiekin negoziatzen jarraitzen dutela ere adierazi du Last Tour enpresak, jaialdiaren antolatzaileak, eta "artista berri eta garrantzitsu gehiago" iragarriko dituztela ere aurreratu dute.
Uda igarotakoan izango da hori, nolanahi den. "Urtebete baino gehiago daramagu kontzertuak eta jaialdiak atzeratzen eta bertan behera uzten. Horregatik, gauzak apur bat lasaiago hartzea eta zuhurrago jokatzea erabaki dugu, eta uda igaro arte itxarongo dugu kartel osoa iragartzeko; testuinguru positiboago eta itxaropentsuago batean izatea espero dugu", argitu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko