Vulk: "Proiektua bizirik egoteko, aukerak oso irekita egon behar dira"
Vulk bueltan da, besapean Vulk Ez Da (Montgrí, 2022) bihar, urtarrilak 28, argitaratuko den diskoa dakarrela, Ground for dogs aurreko lan luzea irten zenetik hiru urtera. Gutariko askoren bizitzak eta bizimoduak bezalaxe, pairatutakoen inguruabarrek eragina izan dute aldez edo moldez laukotean, baina abesti bilduma honetan agerian diren aldaketak (kantu guztien hitzak euskaraz dira eta Jangitz Larrañagak astintzen du bateria, berbarako) gehiago zor zaizkio inertzien aurreko intsumisioari eta oinordetza geldiarazleei itzuri egiteko konpromisoari.
"Hamar lagun baten kontra"k abiatzen duenetik "Vulk ez da" kantuak ixten duen arte, diskoan ez da falta laukotearen iluntasun post-punkik, amorru punkik eta biribiltasun melodikorik. Lanak ahots-gitarren bat-batekotasun eta freskotasuna preprodukzio lan eskerga batekin uztartzen du, eta baxu-baterien lana nabarmendu behar da esparru horretan: erritmo aldaketa etengabeak proposatzen dituzte, zeinek kantuak koskatxo bat goratzen baitute entzuten den aldiro, kantuen urgentzia eta jarioa eragotzi barik.
Hona Julen Alberdi Vulkeko gitarristarekin izandako elkarrizketaren emaitza:
Vulk ez da izenburua duen diskoa argitaratu duzue, taldearen birjaiotza bat iradokitzen duena. Zer zen Vulk 2018an eta zer da 2021ean? Zeri eusten diozue eta zer aldatu da?
Beste ezeren gainetik, elkarrekin denbora asko egotearen aurkako erreakzioa da, honen guztiaren zergatia bilatu nahian geure buruari begiratzearen erantzuna. Ondorioa da ez dela horren garrantzitsua justizia egitea orain arte egin dugunarekin, edo urte hauetako guztietako ibilbidearekin edo gure inguruan izan daitekeen ideiarekin. Ezta geuk geure buruaren inguruan eduki genezakeen ideiarekin. Konturatzen zara inertziaz zerbaitekin fidel jokatu nahi izanez gero, aktibo eta esna egoteko funtsezkoak diren ezaugarriak galtzen dituzula.
Ez da horrenbeste "aurrekoarekin apurtzea" edo "bide berri bat abiatzea", baizik eta jakitea hori hor dagoela: "Ondo da, horren jakitun gara", baina proiektua bizirik egoteko, aukerak oso irekita egon behar dira.
Oso kategorikoa da diskoari izen hori eman izana, baina horrela egiteak eta oso presente edukitzeak balio izan digu kokatzeko eta hau oraintxe bertan zertaz doan jakiteko.
Denborak aurrera egin ahala, taldeen izenak estatus bat adierazten duten marka komertzialen moduko zerbait bihurtzen dira, maila batean jartzen zaituztenak. Horren jakitun gara, baina ez zaigu joko hori interesatzen.
Euskarari dagokionez, hasieratik erabili dugu, baina tartean-tartean. Disko honetarako kantuen konposizioa bat-batekoagoa izan da aurrekoena baino, eta Andonik bere eguneroko hizkuntzara jo zuen adierazgarriagoa zitzaiolako.
Atala estudioan grabatu duzue diskoa, Iñigo Irazokirekin, denok batera jotzen eta emaitza zintan gordeta. Zer da garrantzitsua zuentzat, estudioa aukeratzeko orduan? Nola azalduko zenukete denok batera jotzeak gehitzen duen ñabardura?
Kasu honetan, oso garrantzitsua zen estudioan denok batera aritzeko giroa sortu ahal izatea, baita maila teknikoan erosoa eta analogikoan grabatzeko egokia izatea. Estudio batzuk oso adituak dira zintan eta zuzenean grabatzen, baina funtzionamendu hotz samarra izaten dute, eta horrek atzeraka eragiten gintuen. Atalan etxekotzat hartzen zaituzte (Iñigoren etxea da, izan), eta ekipo nahikoa eta soberakoa du teknikoki lan bikaina egiteko.
Zintan grabatzeko asmoa kantuak konposatzeko moduarekin oso lotuta dago. Beste disko batzuetan, prozesua geruzaz geruzakoa izan da gehiago: ideia bat, horren gainean beste tresna eta moldaketa batzuk erantsi, eta, azkenean, dena pistaz pista grabatu. Oraingoan, kantuak lokalean konposatu ditugu, denok elkarrekin jotzen, eta ez genuen ikusten bakoitzak jotzen duena, baizik eta dena bere osotasunean. Beraz, logikoena denok batera jotzea zen, kantu hauek hobeto funtzionatuko baitute horrela.
Jakitun gara, denok batera jota ere, grabazioa eta taldearen zuzeneko bat ez direla gauza bera. Horregatik, ez ginen saiatu agertoki gainean garena "berdintzen", baizik eta grabatzen ari ginela batera geundela sentitzen eta elkarri begiratzen, horrek kantuak interpretatzen laguntzen baitu.
Horren guztiaren barruan, Iñigoren lana giltzarria izan zen, taldeak bere onena emateko giro egokia sortzen dakielako. Lokaletik genekarren lana asko errespetatu zuen, une bakoitzean beharrezkotzat jotzen zituen iradokizunak ondo baino hobeto eskainita. Lasaitasun eta ganora maila paregabea duen pertsona bat da.
Maila erritmikoan eta konponketetan batez ere, Vulk Ez Da diskoko kantuek hamaika ezusteko ematen dizkiete entzuleei, erritmo aldaketa eta azentu desberdinen bidez, baina bat-batekotasuna eta naturaltasuna ere badarie, melodietan batik bat. Nola lantzen duzue oreka hori?
Lehen esan dizudan bezala, abiapuntua Andoniren ahotsa izan da inoiz baino gehiago. Kantu gehienetan, ahotsa eta instrumentala batera irten dira ia, eta horrek sendotasun handia ematen du.
Horri gehituta, egitura denon artean lantzen dugu lokalean, inoiz ez dugu itxitzat jotzen. Denok batera jotzean, ideia baten bariazio edo bertsio piloa sortzen da, intentsitateei, asmoari edo abiadurari dagokienez… Gero, ondoen funtzionatzen duena zein den eta zer toki dagokion aukeratu behar da.
Zenbat dago lokaleko lanetik, kantuak deseraiki eta bueltak ematetik?
Buelta asko eman ohi ditugu pieza guztiak bere tokian sartu arte, eta nago hor jaiotzen dela zuk aipatu duzun oreka. Formula bat ere ez da, kantu bakoitzak bere epeak izan ditu. Hor ere badago koska: metodorik gabe, lehenengo aldia izango balitz bezala konposatzera ausartu, baina elkarrekin jotzeak eman dizkigun esperientzia eta konplizitatearekin.
Zer izan behar du kantu batek berorretan lanean hasteko eta zer eduki behar du amaitutzat emateko?
Lanean hasteko, oso gutxi behar da, ia edozer gauza: melodia azkar bat, konpas bakarreko riff bat edo erritmo bat, buklean. Beste kontu bat da zer pisu emateko eta noraino eramateko gauza zaren.
Oro har, nahiko setatsuak gara hasi dugun guztia aurrera eramateko, baina batzuetan ideia bat baztertzen ere jakin behar da…
Vulk Ez Da-ren kontzeptu estetikoa oso landuta dago, azaleko egurrezko taillatik hasi eta aurreratu dituzuen bideoklipetaraino, Zinebirekin batera egin zenuten Vulk Ez Da proiektua ahaztu gabe. Zer aurkituko du zuen kontzertu batera doanak?
Egurrezko taillaraino iristeko bidea izenburua azalera eramateko bide egokia zein zen pentsatzea izan zen; lelo gisa funtzionatzea nahi genuen, baina testuaren esanahitik urrunduko zintuen zentzu eskultorikoa izatea nahi genuen. Jangitzen aita taillagina da, eta, beraren lanak ikusita, argi izan genuen egokiena izenburua erliebean jartzea zela, argi-itzalen arteko jolasa egon zedin.
Bideoei dagokienez, "bideoklip" formatua motibatuko gintuen ikuspuntu batetik heltzeari zor zaio. YouTuben barra-barra dauden saioek erakusten duten baino zentzu zinematografikoagoan grabatu nahi genuen taldea zuzenean jotzen. Gauza batek bestea ekarri zuen, eta dimentsio perfomatiboagoa ematen bukatu genuen, hainbat formatu batuta.
Esperientzia gisa, ondo etorri zitzaigun kontzertuei aurre egiteko "jotzera ateratzea" baino zerbait gehiago kontuan izanda, baina erdigunea hori dela ahaztu gabe. Nolabaiteko diziplina eta koordinazioa eskatzen zigun proiektuak, eta ondo dago hori errekurtsotzat hartzea, baina une jakin baterako pentsatutako zerbait izan da, maila tekniko eta artistikoan; berriz horrelako zerbait eginez gero, beste ikuspegi batetik izango da.
Azaroan Pin Conference nazioarteko musika azokan egon zineten Skopjen, Musika Bulegoaren eskutik, eta Monkey Weeken ere egon zarete… Nola joan ziren esperientzia horiek? Zer bilatzen duzue horrelakoetan?
Ohiko zirkuitutik ateratzeko modu bat da, berez zureak ez diren interesak dituen jendea ezagutzeko modua, zeinekin askotan antzekotasun asko aurkitzen baitituzu.
Horrelakoetan, abegiak ustekabean harrapatu ohi zaitu, ez baita egoten inolako aurreikuspenik, eta ezusteko gozoak izaten dira normalean. Azken honetan, hala izan zen, jendea ohikoa ez den inozentzia batez joaten da zu ikustera, aurrez ezarritako inolako ideiarik gabe, eta indar handia ematen du konplizitatea dagoenean.
Ez dugu estrategiarik izaten, organikoki zer lotura sortzen diren ikusteaz haratago, ezer behartu gabe, jo eta garen bezala erakutsi besterik egin gabe. Gero, hortik elkarrizketa interesgarriak sor daitezke taldeekin harremanak egiteko edo gure konfort eremutik kanpo dauden lurraldeetan birak egiteko.
Zein formatutan kaleratuko duzue diskoa eta non erosi ahalko da?
Oraingoz, biniloen argitarapen mugatua egingo dute (500 ale), eta gure diskoetxearen webgunean eta Bandcampeko gure profilean erosi ahalko da.
Horrez gain, ohiko streaming kanaletan ere egongo da formatu digitalean. Buelta gehiagorik eman gabe, gaur egungo egoerarako egokiena iruditu zaigu.
Imajinatu Vulk Ez Da aurkezteko kontzertu perfektua
Tira, hain zuzen ere, egin nahiko genukeenari oso ondo egokitzen zaion bira bat prestatu dugu 2022rako, gehien gustatzen zaizkigun taldeekin eta urte hauetan guztietan oroitzapen onenak utzi dizkiguten toki askotan… Birako data batzuk izan zitezkeen "kontzertu perfektu" hori, ezinezkoa da aukeratzea.
Pandemiaren bi urte hauen ondoren kontzertu hauek egin ahal izatea bera nahikoa zoragarria da.
Zure interesekoa izan daiteke
Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko
Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.