Errobi taldeak jasoko du Adarra saria
Errobi talde lapurtarrak jasoko du aurten Adarra saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten saria, aholku batzorde batek hala erabakita. Amaia Ispizua musika-sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatu dute talde hori.
Batzordeko kideen arabera, "Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia euskal musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea".
Taldeak "esker onez eta ohore handiz" hartu du goraipamena, "duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana edota uzta" saritzen baitu.
Errobik Victoria Eugeniako antzokian oholtzan jasoko du saria, ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean, eta kontzertua eskainiko du segidan Txomin Duhalde (bateria), Rèmi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariek lagunduta.
Kontzerturako sarrerak ostegunean, apirilak 11, jarriko dituzte salgai, 20 euroan, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.
Adarra sariaren hamaikagarren irabazlea da Errobi, hauen ondoren; Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia eta Zea Mays.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko