Euskadiko Orkestrak 'Brahms/Dvorak' kontzertu programa hasiko du ostiralean
Euskadiko Orkestrak 2024-2025 denboraldiko bosgarren kontzertu programari ekingo dio ostiraletik, urtarrilaren 10etik, aurrera, 'Brahms/Dvorak' izenburupean, Alexandre Blochek zuzenduko ditu emanaldiak Hegoaldeko lau hiriburuetan.
Hain zuzen, Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez, ostiralean Bilboko Euskaldunan izango da, urtarrilaren 13an eta 16an Donostiako Kursaal auditoriumean, urtarrilaren 14an Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta urtarrilaren 15ean Iruñeko Baluarte auditoriumean. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.
Kontzertuak Johannes Brahmsen 'Pianorako 1. Kontzertua' lanarekin hasiko dira. Konpositorearen lehen orkestra lan handitzat jotzen da, eta, gainera, Erromantizismo alemanaren pianorako kontzertu handienetako bat ere bada.
Obrak "une gogoangarriak" ditu bakarlariarentzat, eta, hori dela eta, Euskadiko Orkestrak Denis Kozhukhin piano-jotzailea gonbidatu du.
Brahmsen lanaren ostean, Euskadiko Orkestrak Antonin Dvoraken '6. Sinfonia' interpretatuko du.
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko