Rayeren, Amaiaren, Bad Gyalen eta Kneecapen gaua, Bilbao BBK Liveko bigarrena
Jaialdiaren erdibidean, Belfasteko rap hirukotea eta Bad Gyal, Raye, Amaia, Jessica Pratt eta Amyl and The Sniffers igoko dira oholtzara, besteak beste. Xsakarak eta Sal del Cochek ere joko dute Kobetamendin.
Lehenengo gaua joanda, bakarlarien festa aurkezten du batik bat Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren gaualdiko kartelak. Musikagintzaren egungo egoeraren ispilu, bi talde, bi biko, bakarlari baten eta talde baten arteko batuketa eta hamahiru bakarlari arituko dira lau oholtza nagusietan, ostiral honetan.
Kolektibismoaren gainbehera, teknologiaren garapena, lokalak alokatzeko prezio garestiak, rockaren ohiko formatuaren apaltzea… Merezi du horren arrazoietan sakontzea, baina hurrengo baterako utzi beharko dugu. Egia dena da geurean ere argi ikusten dela joera hori, gero eta argiago; Gorka Urbizu, Izaro, Hofe, Olatz Salvador, Odei eta Fermin Muguruza daude egun, behinola Berri Txarrak, Ken Zazpi, Vendetta, Skakeitan, 2zio eta Negu Gorriak zeuden tokian.
Formatua gorabehera, nolanahi den, energia –nola Kneecapen jario indartsuan hala Amyl and The Sniffersen punk azkarrean– eta dotorezia –Amaia, Raye, Sofie Royer eta Jessica Pratten melodiazaletasuna, berbarako– uztartuko dira gaur gauean Kobetan. Gainera, Xsakara eta Sal del Coche bizkaitarrek irekiko dute egitaraua, Nagusia eta Johnnie Walker oholtzetan.
Bad Gyal, Raye, Kneecap, Amaia, Polo & Pan, Rusowsky eta Baiuca izango dira egungo kartelburuak. Raye britainiarrak, esaterako, soul eta dance estiloak uztartzen ditu, My 21st Century Blues diskoan erakutsi duenez: hitz goibelak eta doinu biziak. Haren ondoren, Bad Gyalek Nagusia oholtzako publikoa dantzan jarriko du, “Da Me” hita estreinatu eta gutxira. Kataluniar artistak bigarrenez joko du Kobetamendin; izan ere, bere ibilbidearen hastapenetan, 2018an, ikusi genuen estreinakoz Bilbao BBK Liveko karpan.
Iluntzean, ikus-entzuleek punk-rockaren, rap engaiatuaren eta poparen artean aukeratzeko parada izango dute Amyl and the Sniffers, Kneecap, Sofie Royer eta Amaiaren kontzertuetan.
Kneecap azken orduan batu zaio jaialdiaren kartelari. Galeseko jaialdiko karteletik kanpo utzi dituzte antolatzaileek, Palestinako sarraskiaren kontrako beren mezu irmoak Erresuma Batuan hautsak harrotu eta gero, eta horregatik bertaratu ahal izango dira Kobetamendira.
Afalostean, Rusowsky madrildar artistak kaleratu berri duen DAISY diskoa aurkeztuko du Repsol agertokian, 23:30ean. Gero, Polo & Panen elektronika tropikalak San Miguel oholtza hartuko du, eta Abhir musikari urbanoak karpa beteko du, ordu berean (00:35).
Baiuca galiziar musikariak itxiko du Repsol agertokia, 01:45ean, folklorea eta elektronika garaikidea uztartzen dituen zuzeneko showarekin. Parrandazaleenek bi aukera izango dituzte gaua bukatzeko: technoaren fanek Orbital bikoaren zuzenekoa izango dute San Miguelen, eta erritmo urbanoak funk, drum and bass, UK garage eta reggaetoiarekin uztartuko dituen Jugo3000 jaia (Drumme, Kinara eta Nusar3000 DJen eskutik).
Zure interesekoa izan daiteke
Arde Bogota taldeak San Mamesen joko du ekainaren 12an
BIMEk 70 kontzertu eta Alaska, Luz Casal, Rafa Sardina eta beste profesional batzuekiko topaketak eskainiko ditu
Delinqüentes, Cervatana eta Tremenda Jauria En Vivo jaialdian arituko dira, Iruñean
ABAO Bilbao Operak "La traviata" lanarekin abiatuko du 75. denboraldia
“Arriagaren aterkia” lanak bidaia bat eskainiko du, ehun ahotsek gidatuta
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko