Boikota
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal Herriko 162 musika taldek Spotify utzi dute

Musikariak Palestinarekin ekimenean batuta, musika plataformari boikot kolektiboa egin diote “sionismoaren kontra eta palestinar erresistentziaren alde”. Entzuleoi eta gainerako musikariei mugimendura batzeko gonbita egin diete gaur Iruñean egindako agerraldian.
Musikariak Palestinarekin ekimenaren prentsaurrekoa Iruñean
Musikariak Palestinarekin ekimenaren agerraldia gaur goizean Iruñean

Euskal Herriko 162 musika taldek, 650 musikari baino gehiagok guztira, Spotify musika digitaleko plataforma utzi eta beren kantuak bertatik kentzea erabaki dute, Musikariak Palestinarekin ekimenak gaur Iruñean jendaurrean azaldu duenez.

Musikaren merkatu digital globalean alde handiz liderra den plataformatik joateko arrazoien artean ("Jakina da streaming plataformak ez direla, oro har, musikarien mesedetan sortutako tresnak", aipatu dute ohar batean), "askorendako urak gainezka egiteko falta zen tanta Daniel Ek Spotifyko buruzagiak dron militarrak garatzen dituen Helsing Defense armagintza enpresan700 milioi euroko inbertsioa egin izana da".

Horren aurrean, abuztuaren hasieran Musikariak Palestinaren hazia ernatu zen, pare bat musika taldetako kideen eskutik, eta 650 musikaritik gora batu zaizkio mugimenduari dagoeneko. “Hala eta guztiz ere, oso kontziente gara gehiago ere izanen garela, geruza asko ditugu ukitzeke. Gauzak horrela, lerro hauek probestu nahiko genituzke antolakuntzara batu nahiko lukeen orori ateak irekita dituela esateko”, azaldu duten gaur musikariek.

“Jakinik Spotifyrentzat ez garela inor, asmo hori bera bultzatu nahi dugu kontrako norantzan: ez dadila ezer izan Spotify guretzat”, laburbildu dute. “Horrez gain, azpimarratu nahiko Palestinarekin ekimena ez dela moraletik mintzatzeko jaio, are gutxiago gremiokideak seinalatzeko xedez, kontziente baikara Euskal Herriko musikarion kasuistika eta lehentasunak desberdinak direla kasuan kasu”, erantsi dute.

Halaber, entzuleak ere gonbidatu dituzte sionismoaren kontrako eta palestinar herriaren erresistentziaren aldeko boikotera batzera.

162 talde eta musikarien zerrendan ageri dira, besteak beste, Amaren Alabak, Audience, Birkit, Bloñ, Borla, Borrokan, Chulería Joder!, Eire, Esanezin, Fermin Muguruza, Galder, Ibil Bedi, Ines Osinaga, Inoren Ero Ni, Joseba Irazoki, Jon Maia, Kokein, Kortatu, La Furia, Lide Hernando, Mihise, Monsieur leCrêpe, Mursego, Naxker, Negu Gorriak, Orbel, Pelax, Perlata, Peru Galbete, Physis vs Nomos, Rodeo, Vibora eta Xak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X