AGURRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Juanjo Menak agur esango dio publikoari, aurten

Gasteiztar orkestra zuzendariaren aurtengo kontzertuak “podiumetik” egingo dituen azkenak izango dira, eta bidea ospatu nahi du berorietan. 2025eko urtarrilean, alzheimerra detektatu ziotela iragarri zuen. 

Juanjo Mena, euskal batuta unibertsalena
iturria: Orquesta y Coro Nacionales de España

Juanjo Mena gasteiztar orkestra zuzendariak aurten esango dio agur publikoari agertoki gainetik, 40 urteko ibilbidearen ondoren, gaur, ostiralarekin, ohar batean jakinarazi duenez.

BBC Philarmonicen, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Cincinnatiko Maiatzeko Festibalaren zuzendari titularra izan da Mena, besteak beste, eta joan den urteko urtarrilean Alzheimerren gaitzaren lehen sintomek erasan zutela iragarri zuen. Gaixotasun horren aurrerabideak jarri du musika maisua, hain zuzen ere, “ezustekorik ezean”, aurtengo kontzertuak “podiumetik” zuzenduko dituen azkenak” izango direla erabakitzeko atakan.

“Agur kontzertu hauek eskerrak emateko eta, batez ere, ospatzeko aukera berezitzat ere hartu nahiko nituzke”, esan du Arabako Urrezko Domina eta Gasteizko Seme Kutunaren izendapena jaso dituen musikariak.

40 urteko musika ibilbidearen ondoren, Menak esker ona erakutsi die bere familiari, “babes etengabe eta pazientzia infinituagatik”, eta “beraiekin lan egiteko ohorea eta plazera” aitortu dioten “zale, orkestra, musikari eta pertsonei”, “asko egin eta gozatu” zutelako “musika ona sortuz”.

Azkenik, publikoari zuzendu zaio, eta hurrengo kontzertuak “ospakizun kate bat” bihurtzeko eskatu dio, “musika protagonista bakarra izan dadin, zinez, eta pertsonen arteko topaketa solidario eta adiskidetsu baterako argumentu bakarra izan dadin”.  

Oraingoz, Juanjo Menak hiru kontzertu ditu iragarrita. Martxoaren 21 eta 22an, Bartzelonako L’Auditorin izango da Schuberten (hilak 21) eta Mozart, Mendelssohn eta Schuberten beraren (hilak 22) piezak jotzen Bartzelonako Orkestra Sinfoniko eta Kataluniako Nazionaleko musikariekin batera. Ekainaren 4an, Malagako Orkestra Filmarmonikoarekin arituko da, Malagan bertan. 

Juanjo Menaren agur mezua
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X