Oihala gora Donostian, euskal zinemari eta Denzel Washingtoni begira
Dena prest dago zinemak Donostian hegalak zabal ditzan, zinemaren magiak hiriburuko bizimodua gida dezan: hiria hartuko duten izarren dirdiraren zain dago jendea dagoeneko, irrikaz, eta proiektagailuak doiturik daude honezkero, aurretik dituzten jardunaldi amaiezinetako lan eskergarako prest.
21:00etatik aurrera, Kursaalek donostiar topaldiaren 62. edizioaren irekiera gala hartuko du. Edurne Ormazabalek eta Karra Elejalde aktoreak gidatuko duten ikuskizunean, zinemagintzaren beste ordezkari batzuek parte hartuko dute, hala nola Maribel Verduk, Unax Ugaldek, Cayetana Guillen Cuervok, Mireia Gabilondok, Eduard Fernandezek eta Imanol Ariasek. Gala honetan zehar, gainera, edizio honetako une gogoangarrienetakoa jazoko da: Denzel Washingtonek Donostia Saria jasoko du.
Ondorengo egunetan, jaialdiko sailetan antolatutako filmak ikusteko ordua helduko da, hiriko zinema aretoetan eskainiko duten film zerrenda amaiezina aletzeko tenorea. Sail Ofizialeko pelikulez gain, nahi adina proposamen ikusi ahalko dira: beren lehen edo bigarren film luzea eskaintzen duten zuzendarien lanak (Zuzendari Berriak), Estatuan estreinatu ez diren Latinoamerikako lan onenen laginak (Horizontes Latinos), beste jaialdi batzuetan kritikariek eta publikoak goraipatutako pelikulak (Perlak), proposamen berritzaile eta bestelakoak (Zabaltegi), sukaldaritza eta zinema uztartzeko saiakerak (Culinary Cinema), abentura kirolekin lotutako filmak (Savage Cinema)… Gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza, inondik ere.
Euskal zinemak toki azpimarragarria izango du aurten Zinemaldian. Sail Ofizialean “Lasa eta Zabala” Pablo Maloren filma erakutsiko dute, lehiaketatik kanpo, eta “Loreak” Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da. Historian lehenengoz lehiatuko da sail honetan euskaraz filmatutako pelikula bat.
Aurten, gainera, atzera begirako bi ziklo oso interesgarri paratu dituzte. Horietako batek Dorothy Arzner emakume aitzindariaren lanari begiratuko dio: kameraren atzealdean lanean jardun zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Beste zikloak Ekialdeko Europako zinemagintzari begiratuko dio: “Altzairuzko Oihalaren beste aldean” 2000. urtetik aurrera egindako filmak erakutsiko ditu.
Denzel Washington
Zinemaldiaren aurtengo edizioan, hasiera-hasieratik egongo da emozioa puri-purian. Hasi eta berehala, inaugurazio ekitaldian bertan, Denzel Washington newyorktar aktoreak Donostia Saria jasoko du, edizio honetan banatuko dituzten bietako lehena.
Lehenengoz 1986an eman zuten sari honen bidez, aktorearen ibilbide profesional osoaren balioa aitortu nahi dute antolatzaileek. Aurretik, zinemaren historian toki berezia duten aktore askok jaso dute golardoa, hala nola Gregory Peckek, Bette Davisek, Lauren Bacallek, John Malkovichek, Sean Pennek eta Woody Allenek.
Denzel Washington “The Equalizer” Antoine Fuquaren filma aurkeztuko du Donostian. Washingtonek ez ezik, Benicio del Toro puertorricar aktoreak ere jasoko du Donostia Saria. Ostiralean izango da, irailaren 26an.
Galak
EiTBk, ohi bezala, jaialdiaren jarraipen zabala egingo du: Zinemira saila babestuko du beste behin ere, pelikula batzuetan parte hartu du eta “Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra” dokumentala aurkeztuko du.
Euskal Irrati Telebistako hedabideek (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta eitb.eus webgunea) arreta bereziz begiratuko diote Gipuzkoako hiriburuan gertatzen denari. ETB1ek zuzen-zuzenean eskainiko ditu inaugurazio eta itxiera galak, hilaren 19an eta 27an. Bukatu baino egun bat lehenago, Benicio del Torori Donostia Saria emateko gala ere ikusgai izango da, baita Zinemira gala ere, hilaren 22an. Gala guztien nondik norakoak zuzenean jarraitu ahal izango dira, eitb.eus-en, streaming bidez.
Dena prest, hartara, aretoetan argiak amata ditzaten. Gustura jesarri eta zinema menuaz eta hiriaren eskaintza osoaz disfrutatzea soilik gelditzen da. Aurretik, zinema eta zinema, zortzi egunez.
Zure interesekoa izan daiteke
“Sucia” eta “Black water” sarituko ditu Giza Eskubideen Zinemaldiak
Bàrbara Mestanza eta Marc Pujolarren dokumentalak film luze onenaren Ikusleen saria jasoko du, eta Black water Natxo Leuzaren lanak Amnesty International saria. Gaur bukatuko da jaialdia, eta Imanol Uribek ohorezko saria jasoko du.
Imanol Uribe: "Intolerantziaren aurkako borrokak gidatu nau"
Euskal zinemagileak, La fuga de Segovia, La muerte de Mikel, Días contados eta El rey pasmado filmen egileak, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari berezia jasoko du ostegun honetan, "errealitateari atxikia" duen zinemari esker.
Lara Izagirre “Yerma”ren bertsio garaikide eta urbanoa filmatzen ari da euskaraz
Zinemagilearen hirugarren film luzearen protagonistak Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira, eta Maria Goiricelayarekin batera dago idatzita, Lorcaren lan hori antzerkirako arrakastaz moldatu zuen antzerkigilearekin.
Euskal zinemak ongietorria egin dio Maialen Belokiri
Jose Luis Rebordinosek, lekukoa emango dion zuzendariak, eta Koldo Almandoz eta Lara Izagirre zinemagileek Beloki Zinemaldiko buru izendatu izanaz hitz egin digute.
Maialen Beloki izango da Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria 2027tik aurrera
Zinemaldiaren Administrazio Kontseiluak aho batez aukeratu du Beloki, Jose Luis Rebordinosen ondorengo gisa.
Lander Garro: "Memoria pertsonaia bat gehiago da 'Lutxi eta zuhaitza'n"
1987an Pasaian, Guardia Zibilaren esku, egoera nahasian hilik gertatu zen Lucía Urigoitia ETAko kidearen istorioa kontatzen du dokumentalak. Fikziozko zatiak eta lekukoen adierazpenak uztartzen ditu Lander Garroren pelikulak.
"I lit the Fire!" Valeria Lemesevskayaren filma izan da Punto de Vista jaialdiko lanik onena
Epaimahaiak bielorrusiar zuzendariaren dokumentala aukeratu du Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiko Sail Ofizialeko film luze onentzat. Film labur onenaren saria, EITBk babestutako golardoa, 3cm of Complexity Anna Vasofen filmari eman diote.
Urrats historikoa eman du euskal ikus-entzunezkoen sektoreak: Zinemaren Akademia eratuko du
Etorkizuneko akademia espazio "inklusiboa eta anitza" izatea nahi dute, sektorearen garapena bultzatzeko balioko duena. Euskal Herriko 150 profesionalen baino gehiagoren babesa du ekimenak.
Amets Hautsien zumardia Zornotzan dago
Boulevard pelikula ikusten ari zarela, oso sentsazio arraroa sumatzen duzu zure baitan. Pertsonaiek izen arrotzak dituzte: Hasley Weigel, Luke Howland, Ligé Neizan, Zev… Ez dute, baina, anglo-saxoi itxurarik, ibilerarik, aurpegierarik, gorpuzkerarik.
Elena Irureta aktoreari aitortza eginez hasi dute Silver Film Festival jaialdia Bilbon
Maitasuna eta Sexua (adingabea) lelopean, 60 urtetik gorako pertsonak oinarri dituen Silver Film Festival jaialdiari hasiera eman diote astelehen honetan, Bilbon. Apirilaren 24ra bitartean, hainbat jarduera hartuko ditu ekimenak eta, gaur, Elena Irureta aktoreari EITB Silver saria eman diote.