Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Film laburren eta dokumentalen jaialdia egingo dute Bizkaiko hiriburuan, azaroaren 20tik 27ra. 49 labur lehiatuko dira, urteko dokumentalik onenak eskainiko dituzte eta ohorezko sariak emango dizkiete Ramon Barea eta Istvan Szabori.
Zinebik berriz ere zinemaz beteko du Bizkaiko hiriburua, azaroaren 20tik 27ra. Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiak, egungo ikus-entzunezko kontsumoan nagusi diren formula nagusien aurrean, ziurtasunak zalantzan jartzeko eta ikuspegi estetiko, kultural eta politiko berriak proposatzeko asmoa du bere hautapenarekin.
Joseba Lopezortega zuzendariak eta Cristina Ezquerra jarduneko idazkari nagusiak azaldu dutenaren arabera, fikziozko, dokumentaleko eta animazioko 49 film emango dituzte film laburren sail ofizialean. Jaialdiaren ardatz nagusia da hori, eta Arriaga antzokian ikusi ahal izango da. Antzokia jaialdiaren egoitza nagusia izango da, aspaldiko partez.
Joshua L. Oppenheimer estatubatuarraren, Kamal Aljafari palestinarraren eta, jakina, Mikele Landa, Raul Barreras eta Daniel Alegrete euskal zinemagileen filmak ikusi ahal izango dira lehiaketa ofizialean. Hauek dira antolatzaileek nabarmendu dituzten filmetako batzuk:
- The Revolution Against Death (Joshua L. Oppenheimer)
- Masao Adachi Takes a Passport Photo (Kamal Aljafari)
- The Spoon (Nele Wohlatz)
- Raftsmen and Canoeists (Jonathas de Andrade)
- Electric Birds (Ulu Braun)
- Please (Anna Mantzaris)
- Cartoon Physics (Ru Kuwahata eta Max Porter)
- Ploo (Jon Frickey)
- Algo en la casa (Carla Pereira)
- A Tenderness (Sabrine Khoury)
- Patronymic (Mariia Ponomarova)
- El león (Diana Bustamante)
- Memories of a Window (Mehraneh Salimian eta Amin Pakparvar)
- Forgotten Spaceman (Elham Ehsas)
- Nervios de acero (Beatriz Navas Valdes)
- Los andares (Isa Luengo eta Sofia Esteve)
- En este día tampoco se encontró nada (Irene Visa)
- Guretako eztia (Violette Bellet eta Maia Iribarne)
- Neska bat desagertu da (Mikele Landa)
- Bitartean, gero (Raul Barreras)
- Onena ura da (Sonia Estevez)
- High River (Daniel Alegrete)
- Siurana (Esther Escudero)
Ohorezko Mikeldiak Ramon Bareari eta Istvan Szabori
Zinemaldiaren ohorezko sariak Ramon Barea aktore, zuzendari eta antzerkigile bilbotarrak eta Istvan Szabo zinegile hungariarrak jasoko dituzte.
Barea Bilboko kultur munduko protagonista garrantzitsua da, eta inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, azaroaren 20an, 19:30ean, Arriagan. Leku berean, itxiera-ekitaldian (27an, 19:30ean) Szabok jasoko du berea. Azken hamarkadetako Europako zinemaren erreferente handienetakoa da hungariarra.
Mundu osoko dokumentalen ezinbesteko aukeraketa
Urteko dokumental onenen sorta biltzen duen saila Essential Docs deituko da aurten (lehen Beautiful Docs zen), eta dagoeneko ospetsuak diren izenak zein nabarmentzen hasi diren talentu berriak ekarriko ditu. Venezian, Berlinen, Locarnon edota Toronton izan ondoren, hurrengo zinegileen obrak Bilbora iritsiko dira: Laura Poitras (Zinebiren Ohorezko Mikeldi saria jaso zuen 2024an), Barbara Kopple (2021ean jaso zuen), Aljafari (sail ofizialean ere lehiatzen da) eta Bill Morrison estatubatuarra, 2024ko Urrezko Maskorra irabazi zuen Albert Serra ahaztu gabe.
Jaialdiak nabarmentzen duenaren arabera, Bilboko sail industrialetan proiektuak garatzeko laguntza jasotzera etorritako filmak ere emango dituzte, mundu osoan ibilbidea egiten hasi ondoren. Horren adibide dira Xisi Sofia Ye Chenen La noche de la infancia (duela bi urte Zinebi Networking-en parte hartu zuen eta Visions du Réel-eko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi du) eta Rafael Moles eta Pepe Andreuren La Pietá.
- They’re Here (Laura Poitras eta Rachel Lauren Mueller)
- Going Home (Kamal Aljafari)
- Sawyer Avenue, Sunday Afternoon (Bill Morrison)
- Union Town (Barbara Kopple)
- Eight Bridges (James Benning)
- Sixteen Moments of My Life (Albert Serra)
- La noche de la infancia (Xisi Sofia Ye Chen)
- La Pietà (Rafael Molés eta Pepe Andreu)
- Taranta (Samuel Nacar)
- Citizen Osama (Ahmad Hassouna)
- Meanwhile in Namibia (Jonas Spriestersbach)
- Benigno (David Baute)
- Irailak (Izaskun Arandia)
- Atlas de la desaparición (Manuel Correa)
- Crías (Xiana do Teixeiro)
Bertoko Begiradak: euskal zinemaren ikuspegi dibertsoa
Euskal Herriko film laburren panoramaren eskaintza zabala emango dute Arriagan egingo dituzte Bertoko Begiradak sailaren lau saioak, lehiaketatik kanpo. Formatu laburreko euskal zinemaren aniztasuna eta bizitasuna presente egongo da, besteak beste, Aner Etxebarria, Pablo Vidal, Iban del Campo, Beatriz Larragueta eta Sebastien Boularden lanetan. Horiei lehia ofizialean dauden euskal tituluak gehituko zaizkie.
Gainera, Euskal Herriko film luzeak ere ikusi ahal izango dira: Simulacro, Aresti eta abesti eta Gaulana, kasu. ETS – Itzal argitan talde arabarrari buruzko dokumental musikala nabarmentzeko modukoa da. Azaroaren 25ean, asteazkena, BBK Aretoan estreinatuko dute.
Espainiako aukeraketa Spain Shorts sailean
Sail berri batek Espainiako film labur onenak erakutsiko ditu. Aurtengoak Malagan, Marseillan, Toronton, Rotterdamen eta Iruñeko Punto de Vistan izan dira. Gainera, Caiman Cuadernos de Cine aldizkariarekin lankidetzan, 2.000 euroko saria eskuratzeko hautagai izango dira.
Jaialdia sail paraleloek osatuko dute: Zinebiskopio, inklusioari eta belaunaldien arteko harremanei buruzko proiekzioekin eta elkarrizketekin, Kolonbiako talde baten kontzertu bat barne, eta Depósito Zinebi, Elias Querejeta Zine Eskolarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean egindako ikerketa-proiektua, 1976ko estatu-kolpearen ondoren erbesteratutako argentinar sortzaileen Grupo Cine Sur kolektiboa ardatz.
GazteDoku eta Zinebi Networking sail industrialek sorkuntza-prozesu betean dauden ahots berriei laguntzen diete, esparru profesionalerako zubiak eraikitzeko. Horiekin batera, Zinebi Animation Labek (prestakuntza- eta aholkularitza-jarduerak eta topaketak egingo ditu sektoreko profesionalekin) eta Zinebi Expressek (zinema-ikasleei zuzendutako lehiaketa arrakastatsua) eskaintza biribiltzen dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da