Zinemaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Simulacro”, berriz min hau

Nitya Lopez Saituak “Simulacro” pelikula aurkeztu du Zinemaldian, oroimenari buruzko pelikula oroigarria, ikuslearen muineraino barneratzen den saiakera zinematografikoa.
Miguel Garces eta Iraia Elias "Simulacro" filmean

“Zauriak beti ixten dira”, esan zuen Nitya Lopez Saitua zinemagileak (Ibarangelu, 1996) “Kultura.eus” Radio Euskadiko saioko elkarrizketa batean, “baina barruan zikinkeria gelditu ohi da, eta bizitza osoan eramaten duzu hara-hona”, erantsi zuen Simulacro dokumentalaren eta fikzioaren arteko muga urtzen duen filmaren zuzendariak.

Simulacro zaurian murgildu, mina aztertu eta garbitzen saiatzeko ariketa ederra da. Nitya Lopez Saituak bere gurasoen arteko banaketa burutu zuen eztabaida gertaberritu du kameraren aurrean, Miguel Garces eta Iraia Elias aktoreen jardun zoragarriari esker.  

Umetako oroitzapen horietara itzultzeko edo beroriek eraikitzeko (sorberritzearen eta sortzearen arteko muga lausoa da zenbait pasartetan) eta gurasoak “elkar maite zutenean” nolakoak ziren jakiteko –Nityaren gurasoak banatu zirenean, lau urte zituen berak–, pelikulak Lopez Saitua gidatzen ari den filmatze bat erakusten du.  

Filma bizitza baten hutsuneak, zulo partikular baina partekagarriak, betetzen doa, izan den bezalakoa izan den bide bateko amildegiak, pelikularen amaierako kantuak (“Aquello”, Ibon Belandiarena) esaten duen bezala, “halakoa izan ezean, bestelako izan zitekeen” jakitun. 

Eliasek eta Garcesek gorpuztutako oroitzapen edo asmamen saioak ez ezik, familiako artxiboko irudiak eta aita-amen gaur egungo lekukotasunak ere erabiltzen ditu Lopez Saituak min sakon eta betiko hori bezatzen saiatzeko.

Emaitza pelikula taupakaria da, forma aske, ausart eta freskokoa eta lirika sakon eta distiratsukoa. 

Nitya Lopez Saituaren filmeko fotograma

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X