Albiste dira
Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lakuan, basoan bezala, beldurra euskaraz da

Ez izan dudarik, euskal beldurra, euskal fantasia sasoiko dabil pantailen bi aldeetan.

Lehia bizian, norgehiagoka basan, jardun zuten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartu zuten formatu txikian aritzen diren euskal zinemazaurituek. Baita hemen finkatu diren hainbat ekoizle marka fuerakoek ere.

Danel Garayek eta Laura Barquinek sortutako Azpian laburra aitortu eta goratu zuen EITB sariaren epaimahaiak. Ederra eta zentzuzkoa erabakia, beste hautagai guztien merituak begi-bistakoak eta handiak baziren ere.

Egun, Danel eta Laura telesail-proiektu berritzaileen aldeko apustua egin duen 2deo Serieak izeneko deialdiaren barruan daude, Tabakaleran. Jo ta fuego. Nahi dute biek aurkezturiko Hematofilia laburra, iaz Donostian estreinatu zena, telesaila bilakatu; mugarik gabeko ameslariak izanik, nahi dute biek beren proiektua deialdi horren irabazleetako bat suertatzea.

Donostiako Victoria Eugenian 2025ean aurkeztu zutenean, dardaraz eta poz-pozean utzi zituen zaleak Hematofilia-k. Ez zen gutxirako. Iparralde eta Hegoalde arteko euskal mugan, bi neskak familiarengandik jasotako herentzia kudeatu behar dute. Aspaldiko arbasoek tratu bat egin zuten basoan bizi ziren (g)izaki batzuekin. Odolez elikatzen ziren, dira, eta ahizpa horiek izan behar dute haien hornitzaileak… Badu Hematofilia-k mami nahikoa, iskin eta pertsonaia anitz ikarazko telesail desafiatzailea garatu ahal izateko.
Komikizale amorratua den Laura bideo editorea dugu ekoiztetxe batean. Roberto Garay ilustratzaile eta marrazkilariaren semea den Danel, berriz, Arte Garaikideko doktoregaia da eta liluraz, pasioz interesatzen zaion eremu batean ikertzen du. Zeinetan? Adimen Artifizialak sortutako artearen esparruan, hain zuzen ere. Sortzaile gisa, mundu teknologikoa hartzen du oinarri: instalazioak, bideoartea, soinuzko artea, musika…

Laura eta Danelen aurtengo Azpian honek beldurrezko kontakizun baten baldintza guztiak betetzen ditu. Banan-banan. Oihane Oyarzabal eta Aihnize Echevarri aktore bikainek bi ahizpa antzezten dute. Adin ezberdinekoak. Bata bestea baino helduagoa. Haien arteko harremana, ohikoa: amodio-gorrotozko erlazio samin-gozoa. Inbidia. Jelosia… Ez beldurtu, ez da gainezka egiten duten horietakoa, Ez, ahizpa biren usadiozkoa, besterik gabe.

Laku batean gaude. Bainatzen. Ahizpa nagusia, izu kontakizunetan derrigorrezkoa den bezala, saiatuko da gazteagoa beldurtzen. Horretarako, inguru eta ur horietan existitzen diren ipuin malapartatu guztiak kontatuko dizkio gaztetxoagoari. Bitartean, gautzen hasiko da…

Uretan pasa zituzten ordu franko Oihanek eta Ainhizek. Hotzez. Ez zegoen modurik eszenak errepikatzeko. Ezta ere noizean behin uretatik ateratzeko. Zertarako? Deskantsua hartzeko edo testuari errepaso emateko… Kamera ere, hor. Erne, atezuan, tente. Lakuaren hondoan, berriz…. Ba, ikara pelikuletako aintziretan egon ohi dena…munstrorik, akaso presentzia bat, agian? Beheruntz tira egingo dizun zeozer misteriotsurik?

Paula Gallego ez da hemengoa baina bere Insecticida laburrak Zilarrezko Méliès saria jaso zuen. Herabe baina aldi berean kontent asko jaso ere, bere alde zegoela oihuz eta txaloz aldarrikatu zion jendaia majoaren aurrean.

Paula ez da ez euskalduna ez euskal hiritarra, madrildarra baizik. Arte Ederrak ikasi zituen bere hirian. Geroxeago Valentzia aldera jo zuen, animaziozko master bat burutu ametsetan. Trebatu zen sakon stop motion teknikan. Tradizionaletan eta esperimentalagoak ziren besteetan ere bai.

Esan dezakegu Insecticida, izatez, bere Master Amaierako Lana dela. Esan dezakegu bai, baina Donostian ikusi genuena proiektu horren garapen fantastikoagoa izan zen. Hona nondik norakoa: gela ilun eta bakarti batean jaiotzen da Dasnein, intsektu groteskoa. Bere instintu onanistenak asetzen saiatzen da Paniumaren mundu lizun eta kaotikoa erakusten duen pantaila hipnotiko baten bidez. Horra hor, Paularen lanean, salaketa, abisua, baita animazioaren modu franko egoki eta ausart erabiliz, teknikaren trebezia ausarta ere.

Ekoiztexe anitzek egoitza duten Donostiako Zuatzu poligonoan lan egiten dute bi arkitektok gogoz eta gogor defendatu zuten, Antzoki Zaharreko oholtzan, Paularen atrebentzia.

Diego Herguera eta Raquel Galvez dute izena. Biak ari dira beren buruak euskalduntzen. Biak dira zinema ekoizleak. Non? Sultana Films faktorian. Bertako izar benetakoak dira, kasu, Isabel Herguera edo Izibene Oñederra. Hor gauzatu edo bultzatu dira honako pieza ezinbestekoak: El sueño de la sultana, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu), La diva, mi abuela y yo… Hamaika proiektu dute etorkizun hurbilean. Esaterako, Sonia Estevezen Onena ura da edo Aitor Herreroren Un guardia civil en Nueva York… Bitartean, Diego eta Raquelek Insecticida aurkeztu diete Goya sarietan botoa emango duten Espainiako Zinemaren Akademikideei.

Ez izan dudarik, euskal beldurra, euskal fantasia sasoiko dabil pantailen bi aldeetan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X