Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

La bola negrak Oscarra(k) lortuko bal(it)u…

Ambrossi eta Calvorenak Oscarra(k) irabaziko bal(it)u… euskal jende sorta polita aldarrikatuko ziren txapeldun.

Abenduaren 2an Javier Ambrossi eta Javier Calvoren La bola negra Netflix plataforman izango da ikusgai.

Orduan, 47 egun beteko dira estreinatu zenetik.  47 gau eta egun gure etxe ondoko eta urrutiko  pantaila ia guztietan, txartel-leihatilari eta ikusle kopuruari dagozkien marka denak hautsiz. Orain arte izan direnak eta izan ez direnak. Baita berriro existituko ez diren horiek ere.

1.017.192 euro gastatu ditugu Euskadin. Izan ere plazaratu zen asteburuan (Donostiako Zinemaldia bukatzear zela) 36.639 ikusle arrimatu ziren aretoetara. Nafarroan ere, zinema saloiak lepo. Ondoko eta urrutiko beste erkidegoetan, eromen bera, aretoak mukuru, gainezka. Atzo arte, pelikulak 5,1 milioi euro zituen bilduak. Torrente presidente k aurten lortu dituen 30 milioiak gainditu ditu, erraz  eta ziztu batean Espainiako Zinemaren laugarren postuan finkatu da. Laugarrenean, bai: Ocho apellidos vascos-ek lortu zituen 55,37 milioietara ez da, oraindik iritsi. Lo imposiblek ekoizleen poltsikoetan utzi zituen 42,41etara ezta ere. Hirugarren postuan, momentuz. Ocho apellidos catalanes dago, 35,48 milioirekin.

Abenduaren 15ean aditzera emango dira Oscarretako lehiaren short list delakorako film hautatuak. 2027ko urtarrilaren 21ean aldarrikatuko dira, berriz, finalistak…

Netflix plataforma kasik ahalguztidunak sail askotan nahi du La bola negra izatea. Eta ez bakarrik ingelesez mintzatuak ez diren pelikulen artean. Ez, bertako agintariek han-hemenka aitortu dute Hollywoodeko akademiakideek munduko, planetako, galaxiako pelikularik onena izendatzea dutela amets eta asmo bakarra. Eta helburu hori lortu nahi eta ahaleginetan dirutza sekulakoa, imajinaezina, ari dira gastatzen. Hain berealdikoa ezen lortzen ez badute, porrota ere monumentala izango bailitzateke.

Eta zergatik jarri da Netflix horren temoso Ambrossi eta Calvoren lanarekin? Ez al dira ba Almodovarr anaiak ekoizleak? Bai, baina Kaliforniako Los Gatos hirian egoitza duen plataformak filmaren eskubideak erosi zituen. Eta ez bakarrik bere harpidedunentzat. Baita munduan (eta gehien bat Iparraldeko Amerika osoan) zehar pantaila handitan banatzeko eta ikusteko ere. Cannesen eskuratu zituzten eskubide horiek eta harrezkero  hedatu duten  marketin estrategiak orain arte ezagutu izan ditugun manerak birrindu ditu. Zinema jaialdiz  jaialdi paseatu dute, askotan (Gothamen, Sydneyen, Donostian, Toronton) ikusleen sariak bereganatzen. Sare sozial guztietan agertzen da etengabe. Ezinbestekoak diren influencer guztiek eman dute aldeko iritzia, pelikula aztertzen da bere detaile guztietan. Badakigu non filmatu zen, nongoak ziren parte hartu zuten estrak. Entrebistatu dituzte laguntzaileak, antzezleen senideak, zuzendariek izan zituzten umezainak…. Kiosko eta estankoetan saltzen diren couché paperezko aldizkarietako azaletan agertu dira. Modakoetan ere. Irratietan, telebistetan…

Ikaragarria da. Gizarte fenomeno bilakatzeraino. Eta ederki dakigun bezala, Unibertso honetako fenomeno sozial guztietan euskal jendea aurkitzea erraza da. Ohikoa. La bola negra ez da salbuespenik...

 Hitza eman nion, Eklipse morala edo Erreka Zoko horretan film laburren egilea den Sunbillako Ekaitz Bertiz Apeztetxea, zeinak bere azken lana, Joare tte, Kimuak katalogoan izateaz gain, Donostiako Zinemaldian aurkeztu baitzuen. Ekaitzek Kataluniako  ESCAC zine eskola famatuan ikasi zuen eta, graduatzeko momentuan, Javi biak izan zituen aitaponteko. Bidali zizkien gero bere lanak eta egin zioten beraiek dei beren filmaren zuzendaritza sailean laguntzaile jarduteko, praktiketan… Pelikulak eztanda egin aurretik, Ambrossi eta Calvo hasi ziren telesail bi filmatzen. Horietan ere, Ekaitz. Baina jada ez praktiketan, baizik eta zuzendari laguntzaileen artean bigarrenaren erantzukizunaz. Alta, Javi biak munduan barna dabiltza filmaren promozioan eta denbora batez, telesail horiek bertan behera utzi dituzte.

Ez da euskaldun bakarra. Edo nafar bakarra. Edo euskal hiritar bakarra. Iruñekoa dugu Iker Garcia Vazquez. Lokalizazioetan da aditu eta aritua. Berak aurkitu zuen, etsenplu, filmaren hasierako eszena gertatzen den paisaia…

Iraide Suarez bizkaitarra dugu. Eta makillatzailea. Euskal Eszenaren  handientzako egin du lan. Itziar Ituño makillatu izan zuen, adibidez, luxuzko aldizkari baten azalean. Boulevard, Abuela tremenda edo Inurri itsuak filmetan egin du behar. Eta, jakina,  Angela Centeno eta Marilo Osuna buru izan dituela, La bola negra-n ere burutu du bere ametsetako bat.

Beraz,  Ambrossi eta Calvorenak Oscarra(k) irabaziko bal(it)u… euskal jende sorta polita aldarrikatuko ziren txapeldun.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X