Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Norma Vilak zuzendutako "Salitre" pelikulak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Animedon, Japoniako animazioari buruzkoa, sail paralelo nagusia izango da, Victoria Eugenian.
Urriaren 30ean, ostirala, hasiko da Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. astea, azaroaren 6ra arte. Jaialdia euskal ekoizpen batekin inauguratuko dute (Norma Vilaren Salitre) eta Erresuma Batuko film batek itxiko du (Rhys Frake-Waterfielden Pinocho: Unstrung), biak Antzoki Zaharrean.
20 tituluk osatzen dute sail ofiziala. Guztira 32 film luze, 33 labur eta telebistako 6 atal emango dituzte. Aurtengo beste lan batzuen artean, Bloody Tennis (Nikias Chryssos), Crawlers (Angel Gomez Hernandez), Ghost in the Cell eta Sanguine ikusi ahal izango dira.
Animedon: animazio japoniarra Victoria Eugenian
Animedon sail paraleloak animaziozko hiru film japoniar ekarriko ditu berriro, baita Nekane Sarobe Shin chanen bikoizleari omenezko saio familiarra ere: Nire izena da Shin chan. EITBn emandako 500 atal baino gehiagotan hartu zuen parte.
Japoniar folklorearen eskulturen erakusketa batek ("Hyakki yagyō: ehun deabruen gaueko desfilea", Fuego Fatuo Arten eskutik) eta Eneko Garcia eta Danel Pascualen podcastaren zuzeneko emanaldiak (Flop Kultura: Maritxuetik Songokura gure identitatea sortzen) osatuko dute Animedon.
Hong Kongeko zinemarako gunea
Antzoki Zaharrak Txinako egungo bi film hartuko ditu: Back to the Past eta Ultimate Revenge. Gainera, generoko bi klasiko ere proiektatuko dira TBKn: The Black Magic with Buddha eta Hard Boiled"
"Izaki pixkat gardenak" telesailaren aurrestreinaldia, euskal film laburrak eta klasiko bat
Izaki pixkat gardenak telesailak, Primeran emanhasi aurretik, aurrestreinaldi berezia izango du Victoria Eugenian. Gainera, Euskal Herriko film laburren maratoi bat ere ikusi ahal izango da, EITBk babestutako saio batean.
El cebo, Ladislao Vajdak zuzendutako fantasiazko zinema espainiarraren klasikoa, Tabakaleran programatu dute, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.
Inaugurazioaren aurretik, kartelaren irudia den Samantha Hudsonek kontzertua emango du Intxaurrondon, urriaren 29an, osteguna.
Zure interesekoa izan daiteke
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da