Tabakalerak atzera begirako zikloa eskainiko die moriartitarrei
Gainera, Jacques Tati, Pier Paolo Pasolini eta Albertina Carri zinemagileei, zinema arabiar garaikideari eta klima-larrialdiari buruzko zikloak ere izango dira Donostiako zentroan, Tabakaleraren beraren, Donostiako Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren eta Donostia Kultuaren eskutik.
Nagore Aranburu, "Loreak" Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikulan.
Tabakalera kultura garaikideko Donostiako zentroak 2027rako bere zine-programazioaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu gaur, asteartearekin. Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturako Zinema Unitateak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Tabakalerak prestatu dute egitaraua.
Urtarrilaren 14tik 16ra, Tabakalera Belaunaldiaren bigarren topaketa izango da, publikoari irekitako saioak eta profesionalei zuzendutakoa.
Era berean, 2027. urtearen hasieran, Donostia Zinemaldiak Herri Pantaila jarriko du abian, Zinemaldiaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldiei hasiera emango dien programa. Otsailetik ekainera larunbat goizez, hilean behin, bere garaian Zinemaldian proiektatu ziren bost film (Función de noche, The Virgin Suicides, Eden...) proiektatuko dituzte, eta unitate didaktikoak zabaldu, proiekzio bakoitzaren esperientzia aberasteko pelikula ikusi aurretik eta horren ondoren.
Tabakalerak Moriarti ekoiztetxearen filmografiari (80 egunean, Loreak, Handia, Maspalomas...) eskainitako lehen atzerabegirakoa prestatu du. Ildo beretik, zentroak atzerabegirakoa eskainiko die Albertina Carri argentinar zinemagileari eta Pier Paolo Pasoliniri.
Bestalde, Kontatutako zinea zikloan, Rodrigo Sorogoyenek El ser querido filma sortzeko prozesua aletuko du urtarrilaren 30ean.
Nosferatu zikloa arabiar zinema garaikideari hurbilduko zaio, urtarrilaren 13tik aurera. Inaugurazio-saioaren eta XX. mendeko azken hiru hamarkadetako arabiar zinemaren lau film klasikoren proiekzioaren ondoren, zikloak Egipto, Aljeria, Tunisia, Maroko, Libano, Palestina, Siria, Jordania, Saudi Arabia eta Yemen herrialdeetako XXI. mendeko ekoizpenean zentratuko da.
Bestalde, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera, Zinema eta zientzia zikloaren hamargarren edizioa egingo du, eta 2027ko urtarril eta maiatza bitartean —hileko azken igandeetan—, EQZEk Jacques Tati: festa-egunak zikloa aurkeztuko du.
2027ko Zinemaldia + Plus zikloak begirada klimatikoa eskainiko dio zineari: zenbait garai, genero eta geografiatako zazpi film emango ditu urtarrila eta ekaina bitarteko zenbait larunbat arratsaldetan.