Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Desagertu zen neska Zinebin aurkitu genuenekoa

Hilaren 27an bukatuko da ZINEBI. Ez, ordea, Neska Desagertu honen bidaia zinemaldietan zehar.

Polita du ibilbidea Mikele Landa Eigurenek zinemaren unibertsoan. Maite ditugun hainbat pelikulatako lantalde teknikoetan jardun du, eskarmentuz eta plazerez janzteko asmotan. Zeinetan? Ba, esaterako, Jone, batzuetan eta El Diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja) atrebentzietan.

Kamera harturik, berriz, Donostiako Zinemaldian lehiatu zen Noizko basoa? lanarekin. Donostiako Ulia mendian gaude. Bertan, herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko astintzen dute lurra bertaratuek. Hortxe eta orduantxe hasten dira, Ulian, galderak: Nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?

Labur hartan, Elias Querejeta Zine Eskolako ikaskide, irakasle eta beste konplize askorekin egin zuen lan Mikelek, Ernesto Martinez Buciorekin, kasu, Malen Nicholson Gorostiagarekin, etsenplu, Xanti Salvadorrekin, nola ez?

Joan den igandean, Ean jaiotako Mikele Arriaga antzokiko oholtzara igo zen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiko bai Bertoko Begiradak sailean bai Nazioarteko atalean sarirako hautagai den bere Neska bat desagertu da pieza aurkeztera. Ez zegoen konpainia txarrean tauletan. Ondoan zituen Maids of Petroleumeko Hans Baumann zuzendaria eta Alex Tyson muntatzailea. Ondoan zuen  I’ m Painting a Self–Portrait, but All I See is My Sister's Face sortu duen Helena Stanzyk poloniarra. Animatzaile finak ditu Helenak gurasoak. Ez zegoen Bilbon Masso Adachi Takes a Passport Photo egin zuen Kamal Aljafari palestinarra, baina gaurko eta biharko zinemagile guztiek diote mira ikaragarria memoriaz aritzen den autore honi. Beti dabil bai Kamal memoria eta memoriaren aztarnak aztertzen. Bai dokumentaletan bai goi mailako fikzio esperimentaletan.

Kamal ez da lehiakide makala Mikelerentzat, aurrez aurre izango dira epaimahaikideen erabakietan aipatu Masso Adachi Takes a Passport Photo eta Madrilgo TAI eskolan dokumental sortzailean eta zinema esperimentalean masterra egina den bizkaitarraren azken proposamena den Neska bat desagertu da hori.

Bere lanean zera kontatzen du Mikelek: amona zendu berri zaio Oihaneri. Herio horrek kinka larrian jarri du emakume gazte horren bizitzarekiko segurantza. Izaeraren zutabeak eraitsi egin zaizkio. Orain hutsuneek lekua betetzen dute. Bide bat, leiho bat, ohe bat, armairu bat eta ispilu bat. Horrekin eta zeharbideko motxila batean sartzen denarekin, behar duen guztia dauka bere koordenatuak berridatzi eta atseden hartzeko.

Abian da Oihane, noranzkoa ez dakielarik. Eta gu lekuko gara…

Ez ditu erreferentzia edo inspirazio iturri nolanahikoak Mikelek. Euskal Herrian jaio eta Mexikon kokatua den Odei Zabaleta argazki zuzendariarekin batera David Lynchen Mulholland Drive ausart eta estrainioan aurkitu zuen, pentsa, planoak sentsazio arraro batez betetzeko tresna, ideia. Izan ere, ikuslearen begiak antzematen ez duen mugimendu txiki-txikiz eragiten dute kamera Mikelek eta Odeik. Guk ezer ez dugu nabaritzen, baina gure barne konexioak bai ohartzen direla higidura horretaz…

Lynchez gaindi, Chihiroren bidaia eta Ozeko aztia izan zituzten bidelagun beren afanetan. 20 minutu baino gehiago iraun ezin zuen lan horretarako beste eredu bikaina aurkitu zuten Landak eta Zabaletak, behin eta berriro dastatu zuten Filmin plataforman eskura duzuen Maya Deren zinema zuzendari, dantzari, koreografo, poeta eta idazlearen Meshes of tthe Afternoon itzalek hartutako zuri-beltzezko lan muga guztiez kanpokoa…

Bidelagun aparta horiek ez ziren izan, baina, bakarrak. Garoa Burgallo aktorea bidegurutze batean dagoela agertzen den gizonak (Mikeleren osaba da) kantatzen duen abesti zaharrak ere badu esanahi ezkutu bat: Begira ezazu haritza, kukuak arrautzak jarri ditu eta kaskabeltzak jan… Federico Garcia Lorcak zioen bezala, lo kantak beti dira ilun samarrak, krudelak ere. Alta, onddoetara doan gizonak hitzik gabeko aholkua luzatzen dio Oihaneri, markatu gabeko bideari ekiteko, hain zuzen.

Horrenbesteko neke ederra behar du film labur batek. Neke, eskarmentu, dolu, alegrantzia horiek guztiak dira ezinbesteko. Gehi, filmatu aurretik soinuak jaso zituen soinu banda, Peru Galbetek sortua. Gehi, Maria Elorza zinemagile dotoreak ahalbideratu muntaketa…

Hilaren 27an bukatuko da ZINEBI. Ez ordea, Neska Desagertu honen bidaia zinemaldietan zehar.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X