Euskarazko hogei film labur, Euskal Zine Bilerako sarien bila
Lekeitioko zinema jaialdiak, euskarazko zinemari eskainitako zaharrenak, “Antzarra zerumugan”, “Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga” eta “Aro berria” filmaren proiekzio bereziak antolatu ditu, eta Jose Ramon Soroiz omenduko du.
Euskarazko hogei film labur lehiatuko dira, urriaren 14tik 18ra Lekeition, Euskal Zine Bilera kostaldeko udalerriko zinema jaialdiaren 49. edizioko sari nagusiak lortze aldera.
Edurne Azkarate aktoreak, Irati Gorostidi zinemagileak eta Aimar Arriola komisario, editore eta ikertzaileak osatuko duten epaimahai batek aukeratuko du zeinek eramango dituzten film, zuzendaritza eta gidoi onen sariak. Gainera, publikoaren EITB saria, Esperientzia Epaimahaiaren Saria eta Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren Saria ere banatuko ditu jaialdiak.
Lehian izango diren filmen egileen artean daude Eñaut Rodriguez, Iban del Campo, Aitor eta Izaro Arruti, Beñat Gereka, Elene Mengyu Larrinaga, Ekaitz Bertiz, Elene Ocariz eta Josu Martinez.
Film laburrak hilaren 15 (19:00ak), 16 (19:00ak) eta 17an (12:00ak) proiektatuko dituzte, Ikusgarri zinema aretoan, eta sariak emateko ekitaldia larunbatean, urriak 17, egingo dute, 19:30ean.
Sail Ofizialetik kanpo, “Antzarra zerumugan” eta “Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga” dokumentalak programatu dituzte, baita “Aro berria” Irati Gorostidiren fikziozko film luzearen emanaldia ere.
Halaber, Jose Ramon Soroiz legorretar aktoreak Euskal Zinearen Begirada saria jasoko du, zinemari eta telebistari eman dio guztiaren omenez, itxiera galan bertan.